Anduko Patxi, Kukuarri eta Zaragueta

Xabier Lizaso 2021ko aza. 27a, 16:07

Irailaren 11n hil zen Patxi Lertxundi, Andu baserriko aitona. Gizon ekintzailea izaki, lan ugari egin zuen herriaren alde; besteak beste, Kukuarriko gurutzearen egileetako bat da, eta bera izan zen Zaragueta Herri Eskolaren bultzatzaileetako bat. Artikuluarekin, aitortza egin nahi izan zaio Patxik herriari emandakoari.

Askorentzat gauza jakina da Don Sotero Plazaola apaiza Orioko Herri Ikastolaren sortzaileetako bat izan zela. Beste bi herritarrekin batera eman zituen lehen pausoak ikastolaren sortze prozesu horretan: lagun min zituen Patxi Zaldua Linternero eta Martin Lizaso Erlojeroarekin, frankismo betebetean (1971), ikastolak ilegal edo alegalak ziren garaian.

Legaltasunaren ertzean eta zigorraren arriskuan ibili ziren hiru herritarrek tratua egin zuten beren artean, arazoak sor zitezkeelakoan: Patxi eta Martin ezkondutako gizonak zirenez, paper ofizialetan ez azaltzea erabaki zuten, eta Don Sotero apaizak bakarrik emango zuen izena. Badaezpada. Izan ere, modu horretan, gauzak okertzen baziren, apaizak bakarrik izango zuen kartzelarako arriskua, eta hura zigortzea zailagoa izango zen beste bi herritarrak baino.

Halere, aurrerago, lanean hasi eta 30 egunera, herriko guraso eta gazte mordoska gehitu zen proiektua aurrera ateratzeko asmoarekin. Jo eta ke ibili ziren. Hemendik, nire esker ona lanketa hartan parte hartu zuten guztiei.

Ikastolaren sorrera aipatu eta gero, zer dakigu Zaragueta Herri Eskolaz? Nor izan zen eskola sortzearen ideia izan eta 1970ean gauzatu zen arte lan egin zuena? Nola sortu zen? Zergatik? Horren gaineko argibide batzuk ematea da, besteak beste, artikulu hau idaztera eraman nauen arrazoietako bat.

Andu baserriko aitona, Patxi Lertxundi Argiñena, joan den irailaren 11n hil zen, 97 urte zituela. Haren heriotzaren berri izan nuenean, berarekin izan nuen azken elkarrizketa etorri zitzaidan burura. Zaragueta eskolaren sorrerari buruz jardun genuen berriketan, hain zuzen ere. Urte luzez, nik ez nuen jakin Anduko Patxi Zaragueta eskolaren sorreran ibilia zenik. Haren hiletan jabetu nintzen herriko jende askok ere ez zuela horren berri. Gizon apala zen Patxi, eta argia bezain fina. Haren lanaren garrantzia ekarri nahi dut argitara, aitortza egiteko.

Kukuarriko tontorrean dagoen gurutzea jartzeko lanetan aitzindari izan zen Anduko Patxi, Pako Barjacobarekin batera. Beste hainbat herri-lanetan ere ibili zen: hondartzako eskoilera egiteko harriak eramaten Itxaspeko harrobitik; orain kultur etxea den eraikinean lehen zegoen maisu-maistren etxea altxatzen; Orioko lureremuaren barruan ura bilatzen (hondartza aldekoak, San Juangoa, Katxinakoa, Andukoa bertakoa). Katxinakoaren kasuan, ur-biltegia ere berak proposatu eta bultzatuta egin zuen Orioko Udalak, gehienen iritziaren kontra, haiek uste zutelako mendi horretako urarekin ez zela beteko depositua. Ura bilatzeko zaletasun hori bere aita Agustin zenarengandik zetorkion Patxiri. Agustin ur-aztia zen, eta ura bilatzeko bazuen bere tresna partikularra, soka bat muturretik berun puska zeukana. Hark bideratzen zuen Agustin ur-putzuetara.

Nire belaunaldikoek gogoan izango dute Patxiren emazte Elena Land Rover txurixkan esnea saltzen herritarrei, kalean gora eta kalean behera. Patxi zinegotzia ere izan zen Orioko Udalean, frankismoaren azken urteetan, eta lan ederra egin zuen herriaren alde.

Testuingurua ulertu beharra dago haren lana hobeto ulertzeko. Gaurko oriotar gazteei esan behar diet Zaragueta eskola sortu aurretik, Orion ez zegoela hezkuntzarako eraikinik. Bestetik, Orion eskolarik ez zenik ezin dut esan. Haurrak eskolara joaten ginen, baina ez genuen horretarako eraikin jatorrik. Duela urte pare bat bota zuten kofradian, bi gela zeuden eskolako gela gisa erabiltzen zirenak. Maisu-maistren etxean beste bi gela ere baziren. Goiko kalean zeuden soto batzuetan, baziren beste espazio batzuk eskolak emateko erabiltzen zirenak... Gaur ezagutzen dugun eskola-eraikinik ez zegoen ordea. Zientzia-fikzioa zen. Hala ere, oso pozik bizi ginen ume oriotarrok.

Patxik hezkuntzarako eraikin baten beharra ikusi zuen eta, zinegotzia zenez, lanean hasi zen. Ez zen erraza izango eraikina egiteko aurrekontua lortzea eta proiektuan sortutako beste hainbat oztopo gainditzea. Gero, obrak luze joan ziren. Etxeko sukaldetik ikusten nituen lanean langileak, eta askotan obrak sortutako zaborretara joaten ginen jostatzera. Oraindik gogoan dut nola sartu nuen oso-osorik belaunean egur batetik ateratzen zen herdoilak jotako iltze bat. Jolas-toki ederra zen guretzat Zaragueta eskolako obra berria.

Zergatik jarri zioten Zaragueta izena eskolari? Hau da beste kontu bat harridura handia sortu izan didana. Nor zen Zaragueta?

Gaur egun konturatzen naiz Patxik eta bere inguruan ibili zirenek irizpide ederra izan zutela eskolari izena jartzerakoan. Gaur egun ikastolaren HH eta LHko eraikina dena izan zen Zaragueta eskolako lehen eraikina. Nik bezala oriotar askok izango dute oraindik buruan eraikinaren inauguraziora Juan Zaragueta bera etorri zela. Zaragueta Madrilen bizi zen. Bertako unibertsitateko irakaslea zen. Oriotar askok ez dute jakingo Orion ez ezik, Madrilen ere badagoela Zaragueta eskola bat: Colegio Juan Zaragüeta. M-40 errepideari pegatuta dago ia-ia. Piano-emanaldi mordoska egindakoa naiz han. Maitasun handiz hartzen ninduten hango irakasleek oriotarra naizelako, Zaragueta bezala. Madrilen ezagutu ditut Zaragueta zenaren ikasle batzuk ere, eta ondo gogoan dut maitasunez gogoratzen zutela maisu oriotarra.

Zaragueta Madrilgo unibertsitateko irakaslea izateaz gain, Espainiako Literatur Saria jaso zuen. Eusko Ikaskuntzaren sortzaileetako bat ere bai 1918. urtean, eta erakunde horrek Euskaltzaindia sortu zuen 1919an. Anjel Lertxundik gogorarazi izan duenez, 1970ean Orioko eskola inauguratu zutenean, Juan Zaraguetak elebitasunaren garrantzia aipatu zuen, zer inportantea zen eskolan euskara sartzea eta ikasleek heziketa bi hizkuntzetan jasotzea. Beraz, bazen norbait Juan Zaragueta apaiz oriotarra. Ederki aukeratu zuten izena eskolarentzat.

Patxik 92 urte zituela izan nintzen azkenekoz berarekin. Aurrez aurre kontatu zidan Zaragueta eskolako istorioa. Bizitzaren bukaeran atzera begiratuta ohartzen gara nonbait zeri ematen diogun garrantzia. Patxi harro zegoen egindako lanagatik. Ez naiz harritzen.

Don Soterok ez ezik, zuk ere, Patxi, zutabe bat jarri zenuen gure herrian. Bi eskola zoragarri ditugu herrian. Patxi gogoan, eskerrik asko!.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!