2022rako aurrekontu orokorra aho batez onartu dute udal ordezkariek

Iñigo Gaito 2021ko aza. 28a, 12:51

8.452.749 euroko aurrekontua izango du Orioko Udalak 2022an. Aurtengoarekin alderatuta, 80.000 euro handiagoa da zifra. Anuska Esnal alkatea pozik agertu da, aurrekontuak aho batez onartu direlako hirugarren urtez jarraian, eta udalean "lanerako beste modu bat" ezarri dutela iritzita.

Lehengo ostegunean, udalbatzarra egin zuten Orioko udal ordezkariek. Ohiko bilkuran jorratu ziren puntuen artean, besteak beste, onarpena eman zitzaion 2022 urteko aurrekontu orokorrari.

Hirugarren urtez jarraian, aldeko hamahiru botorekin eta aho batez onartu dira aurrekontuak. Hala, Orioko Udalak 8.452.749 euroko aurrekontua izango du 2022an. 80.000 euro handitu dute zifra, aurreko urtekoarekin konparatuz gero.

Aurrekontuaren zatirik handiena, ia erdia, pertsonalaren gastuetara bideratuta dago; alegia, langile-gastura. Udalak ohar bidez azaldu duenez, "urtez urte indartzen joan den gastua" da.

Datorren urtera begira, langile bat gehiago izatea aurreikusten dute. Hain zuzen ere, modernizazio eta berritasun teknikari bat batuko da udalaren lan-taldera. Aste honetan egin dute langile hori aldi baterako kontratatzeko deialdia.

Langileei lotuta, udalak adierazi du TAO zerbitzua kanpora aterako dutela. Beraz, hurrengo urtean, enpresa batek izango du zerbitzua kudeatzeko ardura, eta udaltzainek ez dute lan horren ardura izango.

Gizarte alorrerako diru gehiago
Aurrekontu berriak jasotzen duenez, udalak indartu egin du Ahalduntze Eskolara bideratutako diru kopurua. Lau helburu ditu horrek: Ahalduntze Eskolak aurrez aurreko arreta zabalagoa izatea, haien komunikazio estrategiak hobetzea, aholkularitza juridiko zerbitzua sendotzea eta, pixkanaka, Etxe Morea sortzeko aurreneko urratsak egitea.

Esparru berean, Berdintasun Plana garatzeko asmoa dute, orain arteko lanari zentzua emanez. Horretarako, lehengo astean aurkeztu zuten Gizon eta emakumeen arteko berdintasunerako II. diagnostikoa izango dute oinarri.

Eskualde mailan, gizarteratzeko arazoak dituzten herritarrei zuzendutako Negu Etxea martxan jartzeko lehen urratsak egiten ari dira, eta diru-partida bat prest utzi dute, Oriotik ere ekarpena egin ahal izateko.

Gizarte-zerbitzuekin jarraituz, larrialdietarako diru-laguntzak sendotu dituzte, eta laguntza psikosoziala areagotzeko asmoa ere badu udalak, beharrezkoak diren psikologo eta hezitzaileekin.

Auzoetara begirada
Udalak azpimarra egin dio haien lana auzoetara zabaltzeko egingo duten ahaleginari. Zehaztu dutenez, San Martin, Antxiola, Ortzaika eta Anibarko Porturako egitasmo desberdinak landuko dituzte.

Hezkuntzari dagokionez, aurrera jarraituko dute Zaragueta eskolako eta haur eskolako egokitzapen obrekin.

Bestalde, aurrekontuetan islatzen denez, kirol ekipamenduen inguruko diagnostikoa eta Irisgarritasun Plan Berria osatzeko asmoa du udalak.

Anuska Esnal: "Udalean ezarri dugun lan egiteko modua da pozgarria"
Anuska Esnal Orioko alkatea pozik agertu da, aurrekontuak, hirugarren urtez jarraian, aho batez onartu izanagatik. Horrez gain, alkateak nabarmendu du, udalean lan egiteko ezarri duten "modua" dela pozgarria: "Gardentasunez eta denon hitza kontuan hartuta jarduten ahalegintzen gara, eta, bidea ondo egiten denean, emaitzak pixkanaka etortzen dira.

Aurrekontuak "garaiz" onartuta, urte berriarekin batera egitasmoak martxan jartzeko aukera izango dutela nabarmendu du Esnalek.

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!