Udalak eta herriko merkatari eta ostalariek gaur eguerdian egingo dute Euskara Planaren inguruko bigarren bilera

Aitziber Arzallus 2021ko aza. 30a, 10:05

Salatxo aretoan bilduko dira, 14:30ean. Lehendabiziko bileran bildutako informazioarekin egindako diagnostikoa aurkeztuko dute aurrena, datozen hamar urteetarako helburuak finkatuko dituzte gero, eta horiek lortzeko ekintzak proposatu ere bai. Udalak zuzenean gonbidatu ditu dendari, tabernari eta ostatu jabe guztiak, baina interesa duen orok parte har dezake batzarrean.

Datozen hamar urteetarako Orioko Euskara Plana osatzeko lanketak aurrera jarraitzen du. Gauzak modu ordenatuan egiteko, udalak estrategikotzat jotzen dituen lau lantalde osatu zituen: kirola, hezkuntza, merkataritza eta sentsibilizazioa. Haietako bakoitzarekin bilera bana eginda, bigarren erronda egiten ari da orain. Hain zuzen ere, gaur bilduko da bigarrenez herriko ostalariekin eta merkatariekin, 14:30ean, Salatxo aretoan. Udalak zuzenean gonbidatu ditu herriko dendari, tabernari eta ostatu jabe guztiak, baina horiez gain, interesa duen herritar orok parte har dezake batzarrean, irekia izango baita.

Urtarrilera bitartean lantalde bakoitzarekin gutxienez hiru aldiz biltzea aurreikusten du udalak. Lehendabiziko bileran, ahulguneetan eta indarguneetan jarri zuten arreta, egoeraren diagnostiko ahalik eta zehatzena egiteko. Gaurko bileran, aurrena, lehen saioan bildutako informazioarekin osatutako diagnostikoa aurkeztuko dute, eta ondoren, datozen hamar urteetarako helburuak finkatuko dituzte, eta baita horiek lortzeko ekintzak proposatu ere. Hurrengo bileran, berriz, lantaldeak ordura arteko egindako lanaren emaitza aurkeztuko dute, fintzeko eta osatzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!