Datorren ostiralean, abenduak 10, Mugaldekoak taldeak kontzertua emango du Arraunetxen. 19:00etan hasiko da Berako (Nafarroa) folk taldearen emanaldia, eta sarrerak dagoeneko eskuragai daude Kultur Etxean, bost euroren truke. Gainera, KARKARAk bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu.

Edu Zelaieta idazleak eta Berako zenbait musikarik —Beñardo Goietxe eta Raul Garcia— osatutako taldea da Mugaldekoak. Hain zuzen, Zelaietaren izenburu bereko poema liburuko olerkiak musikatzeko sortu zen egitasmoa 2004an. Gerora, beste idazle batzuen testuak musikatu eta kantu propioak sortu ditu taldeak, eta hiru diskotan jaso ditu. Zuzenekoetan lau lagun aritzen dira taula gainean.