Orioko Udalak gogorarazi du ezin dela ekitaldirik antolatu abenduaren 5etik 8ra

Onintza Lete Arrieta 2021ko abe. 5a, 09:16

Orioko Udalak San Nikolas jaiak bertan behera uztea erabaki zuen, eta hala jakinarazi zuen azaroaren 30ean. Ondorioz, egitarauko ekintza guztiak ere bertan behera gelditu dira, eta herriko eragileentzat oharra plazaratu du bere webgunean.

Azken asteetan izurriaren datuak okertzen ari zirela ikusita, Orioko Udalak azaroaren 30ean jakinarazi zuen bertan behera utziko zituela aurtengo San Nikolas jaiak. Handik egun gutxira, Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia berriz indarrean jarri du.

Gaur goizean, Orioko Udala herriko eragileei zuzendu zaie orio.eus udal webgunean oharra plazaratuta. Bertan, gogorarazi du jaietako egitarauan jasota zeuden ekintza guztiak bertan behera gelditu direla, eta "ekitate-printzipioa bermatzeko asmoz", ondorengo hiru puntuak jakinarazi nahi dizkie eragileei:

1.-Abenduaren 5ean, 6an, 7an eta 8an ezingo da ekitaldirik antolatu.

2.-Udalak hartutako erabakiari bizkar emanda antolatzen diren ekintzetan, Orioko Udalak ez du inongo erantzukizunik izango. Hori egitearen eta horrek sor ditzakeen ondorioen erantzukizun osoa antolatzaileek izango dute.

3.-Eusko Jaurlaritzak baimentzen duen ordutegi arrunta izango da indarrean herrian.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!