Oriyoko Aske Festak ospatzea erabaki dute

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 5a, 23:00

Etxeluze gaztetxeko kideek gaur arratsaldean hartu dute erabakia: osasun egoerak eskatzen dituen neurriak hartuta, baina Oriyoko Aske Festetarako prestatutako egitarauarekin aurrera jarraituko dute. Erabaki hori arrazoituz, oharra plazaratu dute, eta biharko eta etziko behin betiko egitarauaren berri eman dute.

Etxeluze gaztetxeak duela pare bat aste iragarri zuen abenduaren 4tik 7ra Oriyoko Aske Festak ospatzeko intentzioa, eta baita egun horietarako antolatuta zeukan egitaraua ere. Ordutik, ordea, dezente aldatu dira gauzak: osasun egoerak okerrera egin duela argudiatuta, joan den asteartean sanikolasak bertan behera uzteko erabakia jakinarazi zuen udalak, eta ostiralean berriz ere osasun larrialdi egoera deklaratu zuen Eusko Jaurlaritzak. Horrek guztiak, ataka zailean jarri ditu Etxeluze gaztetxeko kideak, Oriyoko Aske Festekin aurrera jarraituko duten ala ez erabakitzeko tesituran, hain zuzen. Atzo gauerako antolatuta zituzten kontzertuak egitea erabaki zuten aurrena, eta gaur arratsaldean egin duten bileran hartu duten behin betiko erabakia: biharko eta etzirako prestatutako egitarauarekin aurrera egingo dute.

Herriari oharra

Erabakia arrazoituz, Orioko herriari zuzendutako oharra plazaratu dute, eta honakoa dio hitzez hitz:

"Aske Festetarako aurreikusita genituen eta aspalditik prestatzen gabiltzan egitarauarekin aurrera jarraituko dugu. Bi urteotan muga ugari inposatu zaizkigu norbanako orori, eta bide batez, hain beharrezkoak diren mugimendu sozialei hegalak moztu zaizkie. Gaztetxeok ekimen sozial, pentsamendu kritiko zein esfera publikoaren demokratizazioa bilatzen dugu, eta badugu zer esan eta egiteko. Herri mugimenduok antolatzeko dugun ahalmenean sinesten dugu, eta bizimodu geroz eta desnaturalizatuago honen aurrean, naturaltasunez jokatu nahi dugu. Aske Festak ez dira programazio hutsak, aipaturiko balio eta hazi guztiak biltzen dituzte bere baitan; hortaz, haziak ereitera goaz! Osasun egoerak ala behartuta, arduraz beteko ditugu neurri ezberdinak, aforoaren kontrola esaterako; baina, aldi berean, ez diogu norbanakoaren askatasunari aterik itxiko. Bide horretan, gaztetxera gerturatzen den orori aforoa zein bertan borondatez lanean ari direnak errespetatzea eskatzen diogu.

Ez dugu onartuko inolako erasorik, ez ahaztu kaleak eta festak denonak direla!"

Udalaren ohartarazpena

Udalak joan den asteartean jakinarazi zuen sanikolas jaiak bertan behera uzteko erabakia, eta hurrengo egunean, horren zergatiak azaltzeko agerraldia egin zuten Anuska Esnal alkateak, Ana Priede PSE-EEko zinegotziak, Jose Jabier Gomez de Segura EAJkoak eta Iker Apaolaza kultur teknikariak. Alkateak orduan garbi esan zuen udalaren jai egitarauaren barruan egitekoak ziren jarduera guzti-guztiak bertan behera gelditzen zirela, eta udalak ez zuela baliabiderik eta laguntzarik emango egun horietan herrian antolatu zitzaketen bestelako jardueretarako, horiek antolatzen zituena edozein zela ere. Gaur goizean, ordea, udalak debekatu egin du abenduaren 5etik 8ra herrian ekitaldirik antolatzea, "ekitate-printzipioa bermatzeko asmoz". Herriko eragileei zuzenduta bere webgunean argitaratu duen ohar baten bidez jakinarazi du hori.

Erlazionatuak

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!