Herriok antolatutako 'Jostailu erabilien truke-azoka' larunbatean egingo da

Iñigo Gaiton 2021ko abe. 6a, 16:42
2017an egindako truke-azokaren artxiboko irudia.

Herrio Natur Taldekoek erabilitako jostailuak bildu zituzten Zaraguetan eta Ikastolan azaroaren 26an. Ostiral honetan, berriro egingo dute bilketa Salatxo aretoan, eta, larunbatean, truke-azoka egingo dute toki berean.

Iaz pandemiaren ondorioz bertan behera laga ondoren, 'Jostailu erabilien truke-azoka' antolatu du Herrio Natur Taldeak aurten. "Azokak dituen balioak eta sortzen duen interesa" ikusita, ekimena berriro martxan jartzea erabaki dute.

Hala, lehengo hilaren 26an, Zaraguetan eta Ikastolan bildu zituzten erabilitako jostailuak, eta azaldu dutenez, badituzte trukatzeko "mordoska bat" jostailu dagoeneko. Ostiral honetan, berriro egingo dute bilketa, eta oraingoan, Salatxo aretoan izango da 17:00etatik 19:00etara.

Hurrengo egunean, larunbatean, truke-azoka ospatuko dute, toki berean. Natur taldeak azaldu duenez, "ordutegi okerra azaltzen duten kartelak" azaldu dira herrian, eta ordutegi zuzenak zein izango diren zehaztu nahi izan dute: larunbatean, azoka 10:30ean hasi eta 14:00etan bukatuko da.

Izurritearen egoerari erreferentzia eginez, Herriok eskaera egin die parte hartzaileei, osasun neurriak bete ditzaten: "Musukoa jantzita izatea beharrezkoa izango da areto barruan, eta gelako aireztapena bermatua egongo da". 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!