Hizkuntza indigenetara hurbiltzeko erakusketa zabalduko dute kultur etxean

Aritz Mutiozabal 2021ko abe. 11a, 17:00
'Hizkuntza indigena. Ama lurra zaintzen' erakusketa. (aretxabaleta.eus)

Garabide elkartearen eskutik izango da, eta astelehenetik urtarrilaren 23a bitartean bisitatu ahal izango da kultur etxeko ordutegian.

Datorren astelehenetik aurrera Garabide elkartearen Hizkuntza indigenak. Ama lurra zaintzen erakusketa izango da ikusgai kultur etxean. Garabidek hizkuntza normalizatzeko egitasmoak sustatzen ditu garapen bidean dauden herrietan, eta Orioko Udalak diruz laguntzen ditu urtero elkartearen jarduerak. Erakusketak bi helburu nagusi izango ditu: alde batetik, elkarteak kooperazio linguistikoa nola ulertzen duen adieraztea eta, bestetik, isilarazitako herri indigenetara hurbiltzea, haien sentipenak eta sentiberatasunak ezagutzeko.

Herritarrek hainbat kontakizun topatuko dituzte bertan. Hain zuzen ere, kontakizun bakoitza hizkuntza batean eta mundu jakin batera hurbiltzeko irudi batekin lagunduta egongo da, indigenen hitzak eta begiradak islatzen dituzten paneletan bilduta.

Testu horiek munduan dauden hizkuntza gutxituen lagin bat besterik ez dute osatzen. 2018an Aretxabaletan Garabide Elkarteak eta HUHEZIk antolatutako Aditu ikastaroan parte hartu zutenek landutakoak dira. "Galzorian dauden hizkuntzak dira gehienak; bizirik irauteko zailtasun ugari dutenak eta, sarritan, gatazkaz inguratutako gizartean daudenak, baina irauteko gogo bizia dutenak".

Kolibriaren mitoa abiapuntutzat hartuta prestatutako liburuxkaren emaitza dira kultur etxean erakusgai jarriko dituzten irudiak eta narrazioak; horietako batzuk QR kodearen bidez ere entzuteko aukera izango da.

Astelehenean irekiko dute erakusketa eta hamar egunez bisitatu ahal izango da, abenduaren 13tik 23ra, alegia. Erakusketa kultur etxeko areto nagusian atonduko dute, eta zabalik egongo da kultur etxearen ohiko ordutegian: 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:30era.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!