"Beste bide batzuk urratzeko ahalegina egin dut disko berrian"

Iñigo Gaiton 2021ko abe. 16a, 11:58

Lehen diskoak izandako harrera onaren ondotik, ‘Eskuetan bihotza’ kantu bilduma plazaratu du Julen Alonsok. Urtarrilean estreinatuko du jendaurrean.  

Lehen diskoa plazaratu eta bi urtera dator Eskuetan bihotza. Zer bulkada du atzean?
Azken urtean, hamabost kontzertu egin ditugu Sutan dantzan diskoko ikuskizunarekin, eta publikoari zerbait berria eskaintzeko garaia heldu dela sentitu dut. Hala, disko berriarekin batera, ikuskizuna ere aldatuko dugu. 

Oso desberdina izango al da ikuskizun berriaren kontzeptua?
Aldaketa batzuk egongo dira, bai. Emanaldian zehar istorio bat kontatuko dela izan daiteke berritasun nagusia. Askoz gehiago ere ezin dut aurreratu...  Oholtza gainean, lehengo kide berak ibiliko gara, hamabi lagun guztira; musikariak eta Oinkari taldeko dantzariak. 

Sarrera denak saldu zenituen lehen diskoa atera eta gero emandako kontzertuetan. Presio handiagoa sentitu duzu abesti berriak sortzean?
Aurreko diskoak onarpen ona izan zuen, eta honek badu Sutan Dantzan-en kolorea, baina desberdina da, bat baino gehiagori harridura eragingo dio. Trikitixarekin eta trikiti munduarekin lotzen nau jendeak, baina disko honetan pianoa eta akordeoia ere sartu ditut. Trikitilaria baino gehiago, musikaria naizela sentitzen dut, eta trikitixari lotzen nauen soka eten gabe, beste aukerekin esperimentatzeko hautua egin dut, nire bide propioa urratzen saiatzeko. 

Zer izan daiteke bi diskoen arteko bereizgarri handiena?
Abestiren bat bada pianoarekin eta ahotsarekin egindakoa soilik, eta horrek gorpuztu dezake bilatu dudan aldaketa. Duela hilabete batzuk Zin dagit abestia plazaratu nuen, eta kantu hark markatu zidan disko berrian egin nahi nuenaren bidea. Beldur pixka bat ematen dit aurreko estilotik zertxobait aldatu izanak, baina hau da egin nahi nuena, eta kontentu nago.

Nondik dator diskoaren izenburua?
Abesti baten izenburua ere bada. Hau esaten dut kantuan: «Izarretan sentitzen nauzu, oinak airean, eskuetan bihotza, zure haizea arnastu nahi dut...». Pertsona bati zuzendutako hitzak direla eman dezake, baina instrumentu bati ari naiz. Izan ere, objektu hutsetik harago, instrumentuek bizia dutela pentsatzea gustatu izan zait betidanik, eta hortik atera dut ideia. 

Durangoko Azokarako puntu-puntuan jaso zenituen kopiak. Zer moduz hango esperientzia?
Egia esan, ez da oso ona izan. Hedabide nagusietan esan denari erreparatuta, azoka arrakastatsua izan dela eman dezake, baina niri ez zait hala iruditu. Litekeena da artista handientzat ondo funtzionatu izana, baina proiektu txikiak aurrera atera nahian gabiltzanontzat, ez dut uste azoka oso errentagarria izan denik. Orain, diskoa gure webgunean jarri dugu eskuragarri, julenalonso.eus atarian.

Zer duzu eskuartean epe laburrera begira?
Igande honetan kontzertua dugu Gasteizen (Araba), eta hilaren 30ean Alonsotegin (Bizkaia). Gero, Siberiara  (Errusia) joateko aukera suertatu zait Bartzelonako (Herrialde Katalanak) lagun baten bidez, hango folk jaialdi ezagun batean trikitixa jotzera. 

Urtarrilaren 30ean disko eta emanaldi berria estreinatuko ditugu Aiako probalekuan. Gero, hurrengo hilabeteetan kontzertuak ematen jarraitzea da asmoa, baina oraindik ezin dut data zehatzen berri eman. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!