Gabonetako kontzertua frontoian egingo da aurten

Iñigo Gaiton 2021ko abe. 18a, 09:00

Danbolin Musika Eskolako ikasleek eta Salatxo Abesbatzak emango dute kontzertua hilaren 23an, 18:00etatik aurrera. Gonbita aurkeztu beharko da pilotalekura sartzeko.

Izurriteak hala behartuta, Danbolin Musika Eskolako ikasleek eta Salatxo Abesbatzak frontoian emango dute Gabonetako kontzertua. Abenduaren 23an izango da, ostegunarekin, eta antolatzaileek adierazi dutenez, gonbita aurkeztu beharko da barrura pasa ahal izateko.

Ohi bezala, gabon-kantekin eta bestelako abestiekin osatuko dute egitaraua. Aurrena, ikasle gazteen hiru taldek hasiko dute emanaldia, eta ondoren, kantuko ikasleen txanda izango da. Amaitzeko, Salatxo Abesbatzak abestuko du, eta bukaera aldera, dantza-taldearekin batera interpretatuko dute Hator hator abestia.

Kontzertuak harrera ona izatea espero denez, antolatzaileek aforoa mugatzea erabaki dute. Hala, ikasle bakoitzak gonbita bat izango du nahi duen senide edo lagunari emateko. Gonbitarik ez dutenei, pilotalekura ez hurreratzeko eskatu diete, jende-pilaketak ekiditeko helburuarekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!