Gutuna: Uhalak ekarritako plastiko zatiak hondarretan, noiz arte?

Karkara 2021ko abe. 20a, 15:00
Atzo goizean, igandean, hondartzan egindako argazkia (Mikel Agote)

Mikel Agotek gutun hau bidali du KARKARAren erredakziora. Salatzen duenez, garbiketa zerbitzuek oraindik ez dituzte jaso uhalak hondartzara ekarritako plastikoak.

Hau da Mikel Agotek bidali duen gutuna:

"Bada astebete, halako batean, euri zaparradak geratu zirenetik. Halakoetan ohikoa izaten den modura, uhalak hondakin ugari ekarri du gure hondartzara. Lehengo astean, surf egiten ari nintzen bitartean, olatu artean bueltaka izan nituen plastiko zatiak, egurrak, higiene pertsonalerako produktuak (2021.urtean oraindik ere horiek itsasoan ikusi beharra...), hostoak, hildako animaliak,...

Horiek guztiek hondarretan bukatzen dute, normala den bezala. Baina, nire harridurarako, egunek aurrera egin ahala, ehundaka plastiko zatiek hantxe jarraitzen dute, urizkinan.

Egur zatiak eta enborrak han ikustea tira, baina plastikoa? Zer erakundek du zerrikeria hori guztia garbitzeko ardura? Eta inguruko herrietan, Donostian edo Zarautzen kasu, zergatik garbitzen da hondarra hemen baino lehenago? Gure hondartzak zergatik izan behar du beste biek baino itxura zikinagoa?

Galderak airean, eta plastikoa hondarretan".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!