'Errioa, gure nortasuna' errelatoa aurkeztu dute, itsas ondarearen transmisioa indartzeko helburuarekin

Iñigo Gaiton 2021ko abe. 23a, 09:38

Errelatoa biltzen duen liburuxka aste honetan banatuko da etxe guztietan. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten, proiektuan parte hartu duten herritarrek eta udal ordezkariek.

Herriko itsas ondorearen transmisioa indartzeko helburuarekin, Errioa, gure ondarea errelatoa osatu du udalak, hainbat herritarrekin elkarlanean. Liburuxka batean jaso dute kontaketa, eta atzoko aurkezpenean adierazi zutenez, etxe guztietan banatuko da aste honetan.

Historian, eta bereziki, Orioko historian aditu diren herritarrekin batera egin du errelatoa udalak. Tartean izan dira, besteak beste, Iñaki Iturain, Jesus Mari Perona eta Ibon Gaztañazpi. Prozesuan zehar, hirurek ondoan izan dituzte Xabier Alberdi historialaria eta Xabier Agote Albaola Itsas Faktoriako zuzendaria ere.

Aipatutako norbanakoez gain, Herrio Natur Taldearen ekarpenak ere jaso dituzte errelatoan, industria sareaz gain, testuak ingurumenaren zaintzaren ikuspegia ere izan dezan. Proiektuaren koordinazioa Kultur Atelier agentziako Iñigo Expositok egin du, eta ilustrazioak Arkaitz Barriolarenak dira.

Proiektuan parte hartu duten kolaboratzaileek eta udal ordezkariek agerraldia egin zuten atzo arratsaldean udaletxean, errelatoa aurkezteko.

Herriaren izaera definitzeko helburua
Anuska Esnal alkateak gogora ekarri zuenez, "orain bi urte, Mutiozabal eraikina inauguratzera gindoazenean, eraikinaren bihotzari buruz ezer gutxi ezagutzen genuela ohartu ginen. Eta aurrera jarraitu beharrean, prozesua gelditzea eta gure arbasoekin dugun harremanean sakontzea erabaki genuen".

Horrez gain, herriaren turismo-eskaintzari esanahia emateko xedearekin, kontakizun bat osatzeko beharra ikusi zuen udalak, Orioren izaera eta jatorria behar bezala transmititzeko. Izan ere, Adrian Garcia Orioko Udaleko turismo teknikariaren hitzetan, "Oriok rol garrantzitsua izan du nazioartean itsasoari eta itsas-teknologiari lotutako gaietan", eta "inportantea"  iruditu zaie itsas ondarea modu atsegin eta irakurterrazean azaltzeko euskarria prestatzea. Liburuxkan jasota daude herriko ontziolen eta burdinolen inguruko datuak, herrian egiten ziren ontzien ezaugarriak, errioak herriaren garapen ekonomikoan izan zuen eragina eta bale-arrantzaren xehetasunak. "Horrek guztiak herriaren izaeran izandako eragina" azaltzeko xedea du argitalpenak.

Bestalde, herritarrak enbaxadore gisa ere indartu nahi ditu udalak: "Gertuko turismoa oso garrantzitsua da Orion, eta errelatoaren bidez, herriaren historia eta itsas ondarea senide eta lagunei azaltzeko aukera izango dute oriotarrek, Goiko Kaleko armarrien jatorria, kasu".

Etena transmisioan

Udalak sustatutako egitasmoari garrantzia handia aitortu zion Xabier Alberdik, atzoko agerraldian egin zuen hitzartzean: "Transmisioaren etenaren atzean arrazoi asko daude, baina nagusiak bi dira: batetik, iragana ezkutatzeko interesa, eta bestetik, iraganari garrantzia kentzeko nahia, herritarrek erreferenterik izan ez dezaten. Dena den, arazoa orokorra da, ez da soilik Orion gertatzen». Iraganean, informazio iturri bakarra zegoela gogoratu du, belaunaldi batetik bestera egiten zen ahozko kontaketa. Egun, aldiz, transmisio hori galdu egin delakoan dago, eta ikerketa-lanak kaleratzen diren arren, inor gutxiren interesekoak izaten direla azpimarratu du".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!