Gabonak

Olentzero eta Mari Domingi Orioko kaleetan barna ibili dira gaurik magikoenaren atarian

Onintza Lete Arrieta 2021ko abe. 25a, 09:51

Joareen kalejirak abisatu die herritarrei gertu zirela Olentzero eta Mari Domingi. Idi pareak tiratako karroan etorri dira horiek, eta geldialdirik egin gabe, herriko kaleak zeharkatu dituzte laguntzaile askoz inguratuta.

Abenduaren 24ko iluntzea oso berezia izaten da Orion, eguzkia ezkutatutakoan agertzen baitira Olentzero eta Mari Domingi, eta haiekin batera, Mari, Basajaun eta sorginak. Isiltasunean egiten dute bidea, joareen eta txalapartaren soinuek bakarrik lagunduta.

Sorginek serio-serio zeharkatu dituzte oraingoan ere kaleak, baina hori bai, txikienen eskutitzak otarreratu dituzte. Mari ere ibili da kalejiran, baita Basajaun ere. Azken hori orroka aritu da, haurrak beldurtzen.

Animaliarik ere ez da falta izan aurtengo kalejiran: idiak, asto zuria eta ahuntz mordoa.

Giro magikoa izan da nagusi herriko kaleetan, Gabon gaueko afariaren aperitibo.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!