INOZENTE EGUNEKO ALBISTEA

Jorge Oteizaren ondarea sustatzeko hainbat egitasmo egin nahi du oriotar talde batek, tartean museoa herrian bertan

Onintza Lete Arrieta 2021ko abe. 28a, 10:51

[INOZENTEEN EGUNAREN HARIRA KALERATUTAKO ALBISTEA] Artista oriotarra herritarren artean ezagunagoa izatea nahi du egitasmoa prestatu duen herritar taldeak, eta batez ere hurrengo belaunaldiei transmititzea haren ondarea. Museo "xume" batez gain, hitzaldi zikloak, irteerak eta ikastetxeekin lankidetza sendoa jarri nahi ditu martxan taldeak.

Herritar talde batek pausoa eman du Jorge Oteiza oriotarrengana gehiago gerturatzeko. "Euskal Herriak eman duen artista handiena hemen jaio zen, Orion, eta garrantzitsua iruditzen zaigu hurrengo belaunaldiei transmititzea haren ondarea". Horretarako, plangintza zehatza osatu dute, eta hurrengo pausoa izango da herriko eragileekin partekatzea hori, batez ere udalarekin. 

Izan ere, herritar talde horrek bigarren museoa egin nahi du herrian bertan. Gaur egun, Alzuzan (Nafarroa) dauka museoa Oteizak, eta "haren osagarri" izango litzateke Oriokoa. Eraikin egokia pentsatuta daukala adierazi du taldeak, eta soilik aurreratu du alde zaharrean kokatuko litzatekeela.

Gainerako ekintzei buruz, berriz, hitzaldi zikloak eta irteerak egitea aurreikusi du taldeak, eta azpimarratu du ikastetxeekin lankidetza sendoa jarri nahi duela martxan.

2022ko lehen hiruhilekoan urrats gehiago ematea espero du taldeak, udalarekin, aldundiarekin eta beste hainbat erakunderekin elkartuta.

[ALBISTE HAU INOZENTEEN EGUNAREN HARIRA ARGITARATU DA]

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!