Etxeberria eta Eizmendi Binakako Harri-jasotze Txapelketako finalean ariko dira bihar

Aritz Mutiozabal 2021ko abe. 30a, 12:30

Egur Sport enpresak antolatutako jaialdian ariko dira lehian eskualdeko hiru bikote, Asteasuko Usarrabi frontoian, 17:00etatik aurrera.

Binakako Harri-jasotze Txapelketako finala jokatuko dute bihar, Urtezahar egunez, Asteasuko Usarrabi frontoian. Aurrez aurre, eskualdeko harri-jasotzaileak ariko dira nor baino nor txapela helburu dutela. Horien artean, Gorka Etxeberria ortzaikarra, Jokin Eizmendirekin bikotea osatuz; Joseba Ostolaza Harri-jasotzea Eskolako kideak biak ala biak, gainera.

Gainerako bi bikoteak ondorengo hauek osatuko dute: alde batetik, Mikel Lopetegi Urra eta Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarrek, eta, bestetik Xabat Olaizola zarauztarrak eta Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarrak; Olaizolak Aimar Galarraga ordezkatu du txapelketa honetan.

Finalera sailkatzeko bi kanporaketetako lan berdinak egin beharko dituzte parte hartzaileek, baina kasu honetan harri bakoitzarekin hiru minutuko denbora tartean. Erabiliko dituzten harriak, berriz, ondorengoak: 150 kiloko laukizuna bikoteko batek, 125 kiloko kopa bikoteko batek, eta biak elkarrekin 113 kiloko kubiko eta 100 kilo bolarekin.

Egur Sport enpresak antolatutako herri kirol jaialdia izango da, eta binakako harri-jasotzeaz gain, beste lau txapelketa jokatuko dira 17:00etatik aurrera.  Gizonezkoen Urrezko Aizkolarien Kopa, eta Emakumezkoen trontza, ingude eta aizkora txapelketak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!