Antilla hondartzako egur pilarekin su handia piztu da bart

Onintza Lete Arrieta 2022ko urt. 4a, 09:29

Atzo 23:00 aldera suhiltzaileek bertaratu behar izan zuten hondartzara, hasieran su txikia zena zabaldu egin zuelako haizeak. Hondartza egur lehorrez beteta dago egunotan, eta haizeak berehala zabaldu zuen norbaitek ertz batean egur batzuei emandako sua. 

Hondartzako bizilagunek larrialdietara deitu zuten atzo gauean, hondartzako egur pilaren zati batek su hartu ondoren. Suhiltzaileak 23:00 aldera bertaratu ziren, eta 00:30 aldera arte jardun zuten sua itzaltzen. Bizilagunen kezka zen haize zakarra zebilenez, garren bat mendialdera edo etxeetara iristea.

Baina ez zen halakorik gertatu, eta Ertzaintzak KARKARAri jakinarazi dionez, ez zen inor zauritu eta ez zuen kalterik eragin suteak. Ez zuten inor identifikatu, gainera.

Egunotan itsasoak ekarritako egur zatiz josita dago Antilla hondartza, eta eguraldi onarekin, asko izan dira egurrekin etxetxoak egin dituztenak. Igandean, egun argitan, txoko batean su txikia ere piztu zuen bateren batek.

Bizilagunen arabera, atzo ere, su txikia zegoen gauean ertz batean, baina haize bortitzak berehala lagundu zuen zabaltzen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!