Gabonak

Errege Magoak Oriora ailegatu dira bidaia luzearen ondoren

Iñigo Gaiton - Onintza Lete Arrieta 2022ko urt. 5a, 19:30

Seiak jo eta gero iritsi dira Errege Magoak Motondo aldetik, eta herrian barrena buelta ederra egin dute laguntzaileekin batera. Haurren artean alaitasuna, urduritasuna eta gozamena izan dira nagusi.

Zailtasunak zailtasun, Errege Magoak ailegatu dira Oriora. Bidaia luze eta gogorra izan dute aurten ere, baina agindu bezala, errioaren bestaldean azaldu dira, Motondo aldetik etorri eta gero. Zubia gurutzatuta sartu dira herrian, eta herriko plaza aldera jo dute aurrena. Ondoren Bikamioetarainoko bidea egin dute, eta handik Mendibeltz futbol zelai alderaino joan dira. Bukatzeko, Ibai Ondo auzoa ere bisitatu dute.

Izurriaren ondorioz, ez da kiroldegiko ohiko ospakizuna egin, baina Errege Magoek izan dute herritarren igurtzia jasotzeko aukera. Haiei begira, oihuka eta txaloka izan dituzte haurrak ibilbide guztian, eta herriko txikienen artean emozio handia izan da. Gaur gauerako espero duten magia tarteko, bati baino gehiagori kosta egingo zaio loak hartzea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!