Iban Egiguren: "Zubieta eta Iturengo inauterien kutsu basatia islatzen du erakusketak"

IƱigo Gaiton 2022ko urt. 7a, 11:07

Iban Egigurenek erakusketa zabalduko du gaur Salatxo tabernan, Zubieta eta Iturengo inauterietan egindako argazkiekin. Ospakizunetan bizi izan zituen "emozioa eta harridura" islatu nahi izan ditu irudietan.

Odol arrastoak, haragi bizia, ardi larrua, hildako animalien tripak, begirada eroak, festa giroa... Zubieta eta Iturengo (Nafarroa) inauterietako elementu horiek guztiak eta gehiago topatuko ditu bisitariak Iban Egigurenek zabalduko duen erakusketa berrian. Ikuslearen begirada bete-betean harrapatzen duten hamahiru argazki jarriko ditu ikusgai argazkilariak Salatxo tabernan, gaurtik aurrera. 

Distantzia soziala, higienea eta erdizkako ospakizunak nagusi diren pandamia garaian, are indar eta bizitasun handiagoa hartzen dute Egigurenen erakusketako fotoek. Argazkiak duela lau urte egin zituen, eta freskoak dira oraindik; erretratatutako pertsonen keinuek bizirik jarraitzen dute irudietan, eta inauterien usaina berritu egiten da haiei begira, izurriaren iraupena gero eta luzeagoa den heinean,mozorroek gordeta jarraitzen duten bitartean. 

"Inauterietako bilduma hau berezia da niretzat", eman du jakitera Egigurenek. Erretratu sortari erreparatzen dionean, egun hartako giroa ondo islatzen asmatu zuela iritzi dio. 

Trantze betean
Argazkilariari zirrara handia eragin zion Nafarroan bertatik bertara ikusi zuenak, eta emozioen astintze hori argazkietan antzeman daiteke. "Aspalditik nuen Zubieta eta Iturenera joateko gogoa. Iritsi nintzenean, harrituta laga ninduen hango jendeak festa nola bizi duen ikusteak. Ikaragarria iruditu zitzaidan", ekarri du gogora argazkilariak. 

Mozorrotuta zebilen jendea "trantze bete-betean sartuta" zegoela iruditu zitzaion,  erabateko eromenean. "Momenturen batean, ezeroso ere sentitu nintzen kamerarekin nenbilen bitartean. Beldurrezko eszenak oso ondo erreproduzituta zeuden, fikzioak hartzen zuen herri guztia", gogoratu du hunkituta.

Erakusketako argazkietako batean, gaztetxo bat tripa agerian ikusten da, eskuan ardo botila eta burua estalita duela. "Ez zituen hamalau urte ere izango. Paperean bete-beteta zegoen sartuta, seko joanda zegoela zirudien. Argazki hori indartsua iruditzen zait, pertsonaiaren gogortasunak eta egunaren argitasunak talka egiten dutelako", argitu du. 

Animalien tripak harro erakusten ditu mozorrotutako lagun batek, beste irudi batean. "Kontrolik eza, kaosa usain daitezke argazkian. Benetako animalien tripekin atera ziren kalera, ez nuen sinisten! Bera isil isilik zihoan oinez, eta horregatik egin nion atzetik argazkia, tripei presentzia handiagoa emateko", eman du jakitera. 

Desfileko usain sarkorrarekin ere ez da ahaztu. "Umeak protagonista diren foto batean, kamisetak animalien benetako odolarekin zikinduta dituztela ikus daiteke", zehaztu du. Pertsonaia "basati" horien guztien argazkiez gain, joaldunei egindakoak ere egongo dira ikusgai erakusketan. "Goizeko lehen ordurako Zubietan nintzen. Joaldunen prestaketak dokumentatzeko helburuarekin ere jo nuen hara", gaineratu du. 

Aukeraketa "zaila"
Erakusketako fotoen aukeraketa egitea "zaila" izan da argazkilariarentzat. Hasieratik, argi zuen joaldunen eta pertsonaia basatien argazkiak jarri nahi zituela ikusgai, eta saiatu da horien artean oreka bilatzen. Argazki "asko" ekarri zituen Nafarroara egindako egun-pasatik, eta kosta egin zaio hamahiru aukeratzea. "Ikuslearengan han sentitu nituen emozioak eragiten saiatu naiz aukeraketarekin. Irudi batzuk gogorrak dira, baina gordintasun hori oso presente egon zen ospakizunean, eta argazkiek islatu behar zuten", adierazi du Egigurenek. 

Argazkilariari ez zaio lanik falta hasi berri den urteari begira. Bezeroekin hitzartuta dituen askotariko lanez gain, alzheimerra ardatz duen proiektu bati bultzada eman nahi dio aurten. Bere hitzetan, orain arte egin dituen  lanen artean "pisu handiena" duena izan daiteke, eta baliatu nahi du bere ibilbidean urratsa emateko. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!