Jokin Eizagirre: "Materialak behartu ninduen arrainak beharrean otarrainxkak egitera"

Iñigo Gaiton 2022ko urt. 9a, 11:00

Gabonetan zeresana eman dute zuhaitzetan apaingarri modura jarri diren otarrainxkek. Jokin Eizagirre artistarekin hitz egin dugu, eta sortutako figuren gaineko azalpenak eman ditu.

Usurbildarra da Jokin Eizagirre artista. Dekorazio mundua du ofizio, eta artearen esparruan ere lanak egindakoa da. Berak sortua da, besteak beste, Xixario erretegiaren parean antxoa latekin egina dagoen artelana. Horrez gain, 2020ko Gabonetarako ere egin zituen zenbait apaingarri  udalaren enkarguz; tartean, manta-arraiak eta baporeetan zintzilikatzeko argidun sareak.

Azken Gabon hauetarako zuhaitzetan jartzeko otarrainxkak sortu ditu, baina ez zuen asmo hori hasieran: "Arrain itxurako apaingarriak egitea zen gure intentzioa. Sorkuntza prozesuan, ordea, arazo tekniko bat sortu zitzaidan: materialak ez zuen uzten kolarekin ondo lan egiten, ez zen behar bezala itsasten. Bestalde, ikuspegi mekanikotik, arrain itxurako piezak oso hauskorrak ziren".

Zailtasun horiez gain, lanerako denbora-tarte murritza izan zuela azaldu du artistak. Hala, esku artean zuen materiala otarrainxka itxurara hobeto moldatzen zela ikusi zuen.

Apaingarriek herrian sortutako erreakzioen eta txantxen berri izan du Eizagirrek, eta ondo hartu ditu kritikak. "Artista batek jakin behar du denen gustura ezin dela lan egin...".

 

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!