Iñaki Agirre: "Niri tokatu zitzaidan erreskatea egitea, baina edonor izan zitekeen"

Iñigo Gaiton - Aritz Mutiozabal 2022ko urt. 13a, 11:25

Babes eta larrialdi egoeretan herritarrek iaz eginiko merezimenduak saritu nahi izan dituzte, eta guztira 11 ekintza aitortu ditu Eusko Jaurlaritzak. Horietako bat da Iñaki Agirre surflariak egindakoa. Harrituta jaso du albistea.

Atzo eman zituen argitara Eusko Jaurlaritzak iaz gizarte lan solidarioa egin zuten pertsonen eta elkarteen izenak, eta tartean eskualdekoak ere badira. Guztira, 11 domina banatu ditu, bi bereizgarri gorridunak eta bederatzi bereizgarri berdedunak.

Hain justu ere, Iñaki Agirre surflariari egokitu diote bereizgarri gorridun dominetako bat, pertsonak arriskuan jarri dituen larrialdi-egoera batean aparteko ausardia nahiz gizatasuna erakutsi duten ekintza egiteagatik. Zehazki, Orioko Antilla hondartzan ustekabean itsasora erori zen parapentista bat erreskatatu zuen surf egitera zihoala, iazko urtarrilaren 10ean.

Agirrek azaldu duenez, ez zuen Eusko Jaurlaritzaren aitortza espero, eta harrituta jaso du albistea. "Ez nekien domina hori ematen zutenik ere! kar kar kar...", adierazi dio KARKARAri ironiaz.

Parapentista erreskatatu zuen eguna ere ekarri du gogora: "Parapentearen sokak zituen buelta guztian, eta ezin zuen mugitu. Surf taula handiarekin joan nintzen bera zegoen tokiraino, eta uretatik ateratzen lagundu zion. Hotzak akabatzen zegoen. Poztu ninduen laguntzeko aukera eduki izanak", eman du jakitera.

Garrantzia ere kendu dio berak egindako akzioari: "Ni tokatu nintzen han, baina beste surflariren bat ere izan zitekeen, eta gauza bera egingo zuen". Aitortu duenez, harrituta dago bere ekintzak hedabideetan izan duen ohiartzunarekin, eta gehiegizkoa ere badela adierazi du.

Eskualdeko gehiago

Era berean, bereizgarri berdeduna jasoko du Zestoako bizilagun Ibai Rengelek. Joan den urriaren 1ean, N-634 errepidean, Getariako San Prudentzioko bidegurutzean izandako istripuaren ondoren, erabakigarritasunez jardun zuen gorputz-adar bat galdu zuen pertsona bati laguntzen.

Bestalde, aintzatespen aitortza egin diote 25. urteurrena egin zuen Zingira Zarautz Babes Zibilari, eta horrekin lotuta, elkarteko honako lau boluntariori diploma eman zioten horrenbeste urtez zerbitzuan aritzeagatik: Iñaki Araolaza Zumeta, Andres Ayala Virumbrales,  Modesto Garcia Trula eta Iñaki Rangil Eskudero.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!