2022ko aurrekontuak plazaratu ditu udalak

Karkara 2022ko urt. 13a, 16:36

8.452.749 euroko aurrekontua izango du 2022an Orioko Udalak. Aste honetan plazaratu dute udalaren webgunean aurrekontuak modu xehean azaltzen dituen dokumentua. 

Orioko Udalak 8.452.749 euroko aurrekontua izango du 2022an. Udal ordezkariek azaroko ohiko bilkuran onartu zuten aurrekontua aho batez. 80.000 euro handitu dute zifra, aurreko urtekoarekin konparatuz gero.

Aste honetan, udalak dokumentua plazaratu du orio.eus webgunean, aurrekontuen berri modu xehean emanez. Laburbilduz, pertsonal gastuetara 3.514.640 euro bideratu dituzte, ondasun arrunt eta zerbitzuetara 2.928.254 euro, finantza gastuetara 28.000 euro, transferentzia arruntetara 1.381.908 euro, kreditu globalera 121.884 euro, inbertsio errealetara 461.193 euro eta kapital transferentzietara 16.870 euro.

Iaz jakin zenez, udalak Albaola Itsas Kultur Faktoriari esleitu zion Mutiozabal ontziolaren kudeaketa, eta esleipen hori 79.032 eurokoa eurokoa izango da. Bestalde, Irisgarritasun Plan Berria osatzeko asmoa du udalak, eta herriko irisgarritasuna aztertzera 36.000 euro bideratuko dituzte.  Aurrekontu berriak jasotzen duenez, udalak indartu egin du Ahalduntze Eskolara bideratutako diru kopurua, eta 44.550 eurokoa izango da aurten. Kirol arloan, Orio Arraunketa Elkarteari bideratutakoa da aurrekontu handiena: 82.830 euro, hain zuzen ere.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!