Terrazen ordenantza berria indarrean sartu da

Onintza Lete Arrieta 2022ko urt. 15a, 13:30

Udalbatzak aho batez onartu zuen ordenantza berria uztaileko udalbatzarrean, eta orain, udalak jakinarazi du arau berriak martxan direla, eta beraz, terrazak dituzten ostalari eta merkatariek arau horiek bete behar dituztela. Hemen irakur daiteke, baita deskargatu ere pdf dokumentua.

Uztaileko ohiko udalbatzarrean onartu zuten bide publikoak terrazekin edo jarduera komertzialari lotutako bestelako elementuekin okupatu eta erabiltzearen inguruko udal ordenantza berria.

Ordenantzak bi puntu nagusi jasotzen zituela esan zuten udalbatzarrean: batetik, parrillak dituzten erretegiak jarduera berezi izendatuko zituztela "udalerriko jarduera ekonomikoaren suspertzaile kontsideratzen direlako"; eta, bestetik, euskara indartzeko tresna izango dela, "ostalaritza eta merkataritza establezimenduek bereziki zaindu behar duten gaia" dela iritzita.

Hain zuzen, oraingo prentsa oharrean, udalak azpimarra egin dio euskararen arloari, betebeharren artean dagoelako, lehenbiziko aldiz, euskararen erabilerari buruzkoa. "Honela arautzen du kontu hau ordenantzak, hitzez hitz, 7. artikuluan: 'Okupatutako eremuan jendearen eskueran eta bistan jartzen diren elementu guztiak (menuak, prezioen zerrendak, kartelak, eskaintzen oharrak, arbeletako oharrak…) euskaraz idatziko dira (beste hizkuntza batzuetan ere idatzi daitezke). Elementu horiek hizkuntza bat baino gehiagotan jartzen badira, euskarari lehentasuna emango zaio (hurrenkeran, tamainan…)'.

Arau hori, beste guztiak bezala, nahitaez bete beharrekoa dela gogorarazi du udalak.

"Ordenantza honen bidez, besteak beste, herriaren nortasun linguistikoari balioa eman nahi dio udalak. Orioko Biziberritze Planak jasotzen du herri euskaldunaren izaera indartu eta proiektatu behar duela udalak, eta merkataritza eta ostalaritza alorreko establezimenduek bereziki zaindu behar dute kontu hori", azaldu du.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!