Bideoa: Martin Iriondok Euskadiko errekor berria ezarri du 1.500 metrotan

IƱigo Gaiton 2022ko urt. 17a, 08:39

4:03,54 denborarekin lortu du Iriondok 18 urtez azpikoen artean errekor berria ezartzea, oraindik 16 urte bete gabe izanda, gainera. Bideoan ikus daiteke atzo egindako lasterketa bikaina.

Donostian izan ziren atzo, igandearekin, Orioko Kamel Ziani Atletismo Klubeko korrikalariak. 1.500 metroko lasterketak egin zituzten guztiek, txanda desberdinetan.

Aurrenekoan, bideoan ikus daitekeen lasterketan hain zuzen ere, Martin Iriondok eta Jokin Bellidok parte hartu zuten. Hirugarren bukatu zuen seriea Iriondok, eta Bellidok (4:10,561) seigarren.

Korrikalari gazteak lortutako emaitza azpimarragarria da. Euskadiko errekor berria ezartzeko helburua zuen atzoko jardunaldian, eta lortu zuen. 4:03,54 behar izan zituen 1.500 metroak egiteko, eta berea da orain 18 urtez azpikoen artean Euskadiko markarik onena.

Bigarren seriean parte hartu zuten Iñigo Expositok (4:13,21) eta Xabat Elortzak (4:17,84). Hirugarren txandako garaipena Anwar El Hassounirentzat izan zen. 15 urterekin, bera baino zaharragoak diren korrikalariei gailendu zitzaien, 4:28,91 denbora eginda. Lasterketa berean Javier Romanek 4:46,13 markatu zuen helmugan.

Azkenik, Aitor Iturralde nagusitasunez gailendu zen azken seriean 4:19,91 denborarekin. Txanda berean, Eneko Alberdik (4:52,08) eta Eneko Martinez De La Hidalgak (5:01,31) ere parte hartu zuten.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!