Martin Iriondo: "Ilusio handia egiten dit nire izena marka onenen zerrendan ikusteak"

Iñigo Gaiton 2022ko urt. 18a, 10:00

Korrikalari gazteak 4:03:54 denborarekin lortu du 18 urtez azpikoen artean errekor berria ezartzea. Martxoan jokatuko du hurrengo lehiaketa, Espainiako Kros Txapelketa.

Martin Iriondo korrikalari gazteak beste mugarri bat ezarri du bere ibilbide oparoan. Donostiako Belodromoan izan zen larunbatean, eta 1.500 metroko lasterketan errekor berri bat ezarri zuen. Hain zuzen ere, berea da orain Euskadiko marka berria 18 urtez azpikoen artean, eta 4:03:54 denboran ezarri du langa. Iriondok lehen urtea du kategoria horretan, 16 urte otsailean beteko baititu.

Iriondok azaldu duenez, lehengo astean zehar gutxi entrenatu zuen, aurreko asteburuan Elgoibarko krosean izan baitzen taldekideekin batera. "Gorputzari jipoi handia eman genion Elgoibarren, baldintza gogorretan egin zelako lasterketa, eta lehengo astean errekuperatzeari eman genion garrantzia".

Elgoibarko lasterketaren ondoren erabaki zuten Iriondok eta Kamel Ziani entrenatzaileak larunbatean errekor saiakera egitea, «test modura». 18 urtez azpikoen marka apurtzea helburu izanik, txanda onenean sartu zuten Belodromoan, korrikalari azkarrenekin batera (senior mailakoak izan ziren haietako asko). "Banekien haien erritmoari eutsiz gero marka egiteko aukera izango nuela, eta xede horrekin ekin nion lasterketari. Jokin Bellido taldekide oriotarra ere txanda berean atera zen. Bi itzuliren faltan, erritmoa biziagotu nuen, hirugarren jartzeraino. Azkenean laugarren sailkatu nintzen helmugan, helburu nagusia lortu eta gero: errekor berria ezartzea".

Lasterketa "gogorra"

Korrikalariaren hitzetan, "gogorra" izan zen larunbateko lasterketa. "Prestaketa krosetara bideratuta izanik, erresistentzia aldetik ondo bilatu nuen nire burua, baina korrikalarien erritmoa kontuan izanik, abiadura pixka bat falta zitzaidala sentitu nuen; 1.500 metroko lasterketak exijenteagoak dira abiadura aldetik krosak baino, bigarren horien distantziak luzeagoak izaten direlako".

Iriondoren hitzetan, larunbatean lagungarri izan zitzaion taldekideak ondoan izatea. Izan ere, Kamel Ziani Atletismo taldeko beste bederatzi korrikalarik ere parte hartu zuten 1.500 lasterketetan, txanda desberdinetan. "Giro oso polita dugu gure artean, eta elkarri asko laguntzen diogu, animoak emanez".

Korrikalari gaztearentzat "lorpen handia" da Euskadiko errekorra jarri izana, "ilusio handia" egiten dio bere izena marka onenen zerrendan ikusteak. Dena den, marka airean egon litekeela ere ikusten du; besteak beste, Manex Civico tolosarra aurten errekorra hausteko gai izan daitekeela iritzi dio.

Lehen urtea

Txapelketei dagokionez, Iriondok tarte batean ez du lehiaketarik egingo, eta martxoaren erdialdera Espainiako kros txapelketan parte hartuko du. "Orain entrenamendu saioetan arituko naiz buru-belarri. 18 urtez azpikoen kategorian lehen urtea dut hau, eta lehiaketak exijenteagoak izango dira aurten".

Iriondori gustatzen zaio helduagoen aurka lehiatzea. "Zure buruari gehiago eskatzen diozu, eta agian, presio gutxiago ere sentitzen dut lasterketetan", eman du jakitera. Aurrerago, ekainaren erdialdera, Espainiako aire zabaleko pista txapelketan izango da korrikalaria. Oraindik ez du erabaki zer distantziatan lehiatuko den.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!