Korrikaren 22. edizioa apirilaren 8an pasako da Oriotik, goizaldean

Julene Frantzesena 2022ko urt. 19a, 11:46

Goizaldean Zestoatik, Zumaiatik, Getariatik, Zarauztik eta Oriotik; aldiz, eguerdian igaroko da Korrika Errezildik, Azpeititik nahiz Azkoititik. Martxoaren 31n hasiko da Korrikaren 22. edizioa Amurrion (Araba), eta Euskal Herrian barrena ibilita, apirilaren 10ean Donostian bukatuko da.

AEK-k gaur jakinarazi du 22. Korrikaren ibilbidea, eta Urola Kostatik apirilaren 8an, ostiralez, igaroko da. Dena den, bi ordu tartetan pasatuko da Korrika eskualdeko herrietatik: goizaldean Zestoatik, Zumaiatik, Getariatik, Zarauztik eta Oriotik; aldiz, eguerdian igaroko da Korrika Errezildik, Azpeititik nahiz Azkoititik.

Martxoaren 31n hasiko da Korrikaren 22. edizioa Amurrion (Araba), eta Euskal Herrian barrena ibilita, apirilaren 10ean Donostian bukatuko da. Ohi bezala, eskuz esku ibiliko da mezu sekretua daraman lekukoa 11 egunez.

Hitzekin izango da egitasmoaren leloa, AEKren arabera, “euskara hitzetatik ekintzetara eramateko unea delako”. Pirritx, Porrotx eta Marimotots omenduko dituzte aurtengoan, “egindako ibilbidean adierazi duten konpromisoagatik eta ekinagatik”. Korrikaren 22. aldiak iraungo duen 11 egunetan, 2.500 kilometro egingo dituzte parte-hartzaileek.

Honako hau da 22. Korrika eskualdeko herrietatik apirilaren 8an igaroko den ordutegia –honako lotura honetan ikus daiteke ibilbide osoa–:

  • Zestoa: 01:30ean.
  • Zumaia: 02:58an.
  • Getaria: 03:55ean.
  • Zarautz: 04:26an.
  • Orio: 05:21ean.
  • Errezil: 12:26an.
  • Azpeitia: 13:26an.
  • Azkoitia: 14:07an.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!