Jasangarritasuna hobetzeko egindako lanak azaldu ditu Orioko Kanpinak Basquetourreko jardunaldian

Juan Luis Romatet 2022ko ots. 17a, 12:00

Helmuga iraunkorrak izeneko jarduera programaren barruan, jasangarritasunaren inguruko online saioa egin dute gaur. Hamabi euskal enpresek beraien esperientziak partekatu dituzte, eta horien artean izango da Orioko Kanpina.

Iraunkortasunerako bidean, enpresek hartu ditzaketen erabakien eta egin beharreko aldaketen onurak izan dituzte aztergai Hostelturrek kudeatu eta Basquetour agentziaren aterpean antolatutako gaurko jardunaldian. Online egin den saio honetan Euskadiko turismo sektoreko arduradunek, jasangarritasunaren alorrean lanean ari diren lau enpresatako buruek –tartean, Zarauzko Zerupe hoteleko arduradunek–, eta hainbat adituk parte hartu dute. 

Aurkezpenaren ondoren, workshop birtuala egin dute eta bertan Euskal Herriko hamabi enpresatako ordezkariak aritu dira beraien esperientziak partekatzen. Gonbidatuen artean Orio Kanpineko zuzendari Jone Olaskoaga izan da. Inguruko herrietako beste hainbat proiektuk ere hartu dute parte, tartean, Zumaiako Begi Bistan, Getariako Gaintzk eta Zarauzko Shelter enpresek.

Jasangarritasunari lotuta egin dituzten aldaketen inguruan aritu dira. Orio kanpinak, esaterako, jasangarritasuna sustatzeko eman dituen pausoak azaldu ditu. Zentzu horretan, herriko energia-planaren barruan, argiteria aldatu dute, gasezko galdara jarri dute eta ura berotzeko hamar eguzki-plaka ere ezarri dituzte azken hiletan; orain, igerileku berriaren proiektua garatzen ari dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!