Angula "ondo" harrapatu da aurten

Iñigo Gaiton 2022ko ots. 21a, 12:15
Angulak harrapatzen, Orian. (Unai Eizagirre)

Abenduaren 1etik urtarrilaren 8ra bitartekoa izan da angularen kanpaina, eta anguleroek "hamar bat egunetan" jardun dute errioan arrantzan. Unai Eizagirre konforme azaldu da harrapatutako angula kantitatearekin eta iaz sortu zuten Euskadiko Anguleroen Elkartearen martxarekin. Bera da presidentea. 

Iaz izurriagatik etena egin ondoren, aurtengo neguan anguletan ibiltzeko aukera izan da berriro. Abendu hasieran hasi ziren arrantzan, eta kanpainaren hasierako egunetan eta amaiera aldera angula "ondo" harrapatu zutela azaldu du Unai Eizagirrek.

Anguletarako baldintza oso espezifikoak behar izaten dira, eta anguleroak adi-adi egon ohi dira ilargiari, itsas-mareei eta eguraldiari begira. Bada, aurtengo kanpainaren erdialdeko asteetan, baldintza horiek ez dituzte aldeko izan: "Euriteen ondorioz ujal ikaragarria izan zen egun batzuetan, eta gero, euririk ez zuen egin". Dena dela, Eizagirre konforme agertu da aurten harrapatutako angula kantitatearekin.

Angularen biziraupena kolokan dagoela argudiatuz, Eusko Jaurlaritzak asko murriztu du azken urteetan arrantzarako egun kopurua. Eizagirreren esanetan, beraiek ez dute inpresio bera: "Eguraldiak laguntzen duenean eta anguletarako baldintza onak tokatzen direnean, ondo harrapatzen da. Angula badagoen seinale argia da hori".

Kopuru aldetik, paretsu ibili dira aurten eta duela bi urte. "Hamabi arrantza egun izateko baimena eman ziguten orduan, eta bostean bakarrik atera ginen. Aurten, zorionez, bost aste utzi dizkigute, eta denbora tarte horretan hamabi edo hamalau arrantza egun izatea aurreikusi genuen. Azkenean, gutxixeago izan dira; hamar egunetan ibili gara errioan".

Unai Eizagirre Euskadiko Anguleroen Elkarteko presidentea.

Lizentziekin buelta

Oria ibaian 24 lizentzia daude emanda angulak motorretik harrapatzeko. Lehorretik arrantza egiteko, berriz, 180. Horietatik guztietatik 23 oriotarrenak dira, eta hamar aiarrenak. Eizagirre kezkatuta agertu da, gazteek lizentziak lortzeko aukerarik ez dutelako izan. "2003an eman ziren lizentziak, eta ordutik berritu bakarrik egiten dira, ez dira berriak ematen. Hori dela eta, anguletan ibiltzen garenon artean 35 urte izango ditu gazteenak".

Ondorioz, "kolokan" ikusten du tradizioaren transmisioa. "Anguleroen bataz besteko adina gero eta altuagoa da, eta ez dago erreleborik. Martxa honetan, zaletasuna galdu egingo da". Arazo horri eta beste zenbaiti aterabidea emateko helburuarekin, Euskal Anguleroen Elkartea sortu zuten iaz. Eizagirre bera da presidentea. "Lizentzia kopuru bat zehazteko proposatu diogu Eusko Jaurlaritzari, batzuk erretiratzen doazen heinean gazteek ere sartzeko aukera izan dezaten. Ez dute nahi, angularen egoera kritikoa dela argudiatuz", kexatu da.

Zalantzan jartzen du hori. "Angularen biziraupenean faktore askok eragiten dute. Horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak gauza bakarra egin du: gure jardunari mugak jarri, besterik ez. Zientzialariek onartzen dutenez, espeziearen biziraupenari dagokionez, arazoaren %20 da arrantza. Zer gertatzen da gainontzeko guztiarekin?", galdetu du.

Bere iritziz, orain angulero gutxiago dagoela kontuan izanik, normala ere bada garai batean baino angula gutxiago harrapatzea. "Batzuek salatzen dute orain kilo gutxiago harrapatzen dela. Normala! Duela 20 urte 40 enbarkazio ibiltzen ziren Orian, eta ia sei hilabetez jarduten ziren anguletan. Orain 20 motor bakarrik gabiltza, eta arrantzarako dugun denbora tartea askoz ere murritzagoa da".

Eizagirreren hitzetan, Europako Batasunak zehaztuta ditu zenbait neurri angularen kontserbazioari begira; tartean, ibaietatik uraren turbinak kentzea edo espezie inbaditzaileak kontrolatzea. "Euskal Herrian ez da horrelako ezer egin, guri mugak jartzeaz aparte. Eta gauza bat argi dagoela uste dut: gu gara angularen biziraupena gehien interesatzen zaion kolektiboa".

Anguletarako erabiltzen dituzten motorrak. (Iñigo Gaiton)

Gaia Orian kokatuz, zehaztapen gehiago eman ditu. "Urte asko daramatzagu errioari adi-adi begira, eta haren eboluzio kezkagarriaren lekuko izan gara. Lehen moilan hamarrak ikusten ziren, algak ibaiertzean, hondartzan iskirak... 25 urtean ikaragarri aldatu da ingurune natural guztia, hondar gutxiago dago, eta lohia gehiago. Erreta dago errio ingurua, eta bioaniztasuna galdu egin da. Aldaketa horiek guztiek angulengan izan duten eragina ikertu al da? Ez".

Kupoekin aurrerantzean?

Euskal Herriko arrantzaleak elkartuta, Euskadiko Anguleroen Elkartea sortu zuten iaz. Eizagirrek onura asko ikusten dizkio kolektiboan jarduteari, eta gustura dago elkarteak daraman martxarekin. Bera da presidentea. "Erakundeekin harremanak errazagoak dira orain. Haiek ere gustura daude eman dugun urratsarekin", azaldu du.

Anguleroen jardunak zeresana eman izan du aspaldidanik, eta sortu izan dira eztabaidak haien arrantzen inguruan. Orain, elkartearekin, errazagoa zaie "ospe txarrari" aurre egitea. "Denetik entzun behar izan dugu, kriminalak garela, mafia bat... Ez dugu ezkutatzeko ezer. Guardia Zibila aurten egunero ibili da errioan, haiekin garbi hitz egiten dugu, urtean mila kontrol pasatzen ditugu. Zentzu horretan, elkarteak indarra eman digu".

Datorren neguari begira, lanerako ildo zehatza dute, Europatik datorren lege aldaketa baten harira. "Alturako eta baxurako baporeek jarduten duten bezala, kupoen bidezko funtzionamendua ezarri nahi dute anguletarako. Hau da, kilo kopurua mugatu nahi dute, profesionalen modura arrantza egin dezagun. Eusko Jaurlaritzak adierazi digunez, litekeena da horretara behartzea, baina guretzat arazo handia litzateke. Besteak beste, jubilatutako jendea da anguletan ibiltzen den asko. Akordio batera iritsi beharko dugu erakundeekin, eta lege eta araudi berrietara egokitzea tokatuko zaigu. Ahal den neurrian, angula arrantza afizio modura mantentzen saiatuko gara, hemen tradizioa hori izan delako".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!