Mutiozabal ontziola biziberritzeko akordioa sinatu dute udalak eta Albaolak

Iñigo Gaiton 2022ko mar. 2a, 08:41

Akordioan jasotzen denez, ontzigintzari lotutako unitate didaktikoak landuko dituzte Mutiozabal ontziolan. Ekainean proba pilotua egingo da herriko bi ikastetxeekin, eta irailetik aurrera, beste herrietako ikasleei zabalduko dizkiete ateak.

Mutiozabal ontziolaren ateak aurten irekitzea aurreikusten du Udalak, eta, bide horretan, atzo urrats bat gehiago eman zuten, Albaolarekin hitzarmena sinatu eta gero. Akordioak jasotzen duenez, datozen lau urteetan Albaolak izango du Mutiozabal ontziolaren kudeaketaren ardura.

Errio bazterrean hezkuntzari lotutako proiektu bat abiaraztea da hitzarmenaren xedea, eta, ekainean, herriko bi ikastetxeekin egingo dute proba pilotua. Irailetik aurrera, berriz, eskola guztiek izango dute Mutiozabalera bertaratu eta Orioko itsas ondarearen ezagutzan sakontzeko aukera.

Ontzigintzari buruzko unitate didaktikoak landuko dituzte ikastetxeekin, eta ontziolan bertan benetako egurrezko ontzi bat eraikitzeko esperientzian parte hartuko dute ikasleek. Ala izeneko ontzi tradizionalak izango dira, Oria ibaiaren bazterretan zeregin askotarako erabili izan zirenak (pertsonen, abereen zein materialen garraiorako, esaterako).

2003tik itxita
2003an laga zuten Mutiozabaleko jarduera hango langileek. Azken hamarkadetan ontziak konpontzen jardun zuten batez ere, 1968an bota baitzuten uretara han egindako azken ontzia. 2018an Eusko Jaurlaritzak monumentu kategoriako kultura-ondasun izendatu zuen, eta Udalak 2019an erosi zuen eraikina. Ordutik, hura berreskuratzeko lanak egin dituzte, eta Biziberritze Planaren baitan, hezkuntza proiektua martxan jarriko dute datozen hiletan.

Usadiozko lanbideak gogoratzeaz gainera, ontziak erriora uretaratzen ikusteko aukera ere izango da han.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!