Ia 300 ikaslek hartuko dute parte Oria ibaiaren bueltan garatuko duten Behoria Garbia egitasmoan

Aitziber Arzallus 2022ko mar. 12a, 10:58
Atzo Arraunetxen egin zuten aurkezpena. (Aitziber Arzallus)

Jolasaren eta gozamenaren bidez, ingurumenarekiko sentsibilizazioa sustatzea da egitasmoaren helburua; hain zuzen ere, naturan eta naturaz gozatzearekin batera, hondakinen prebentzioan eragin eta ingurumen jasangarriago baten aldeko  konpromisoan sakontzea. Orioko ia 80 ikaslek parte hartuko dute egitasmoan.

Behoria Garbia gazteengan ingurumenarekiko sentsibilizazioa sustatzea eta Oria ibaiari daukan balioa ematea helburu dituen proiektu pedagogikoa da. Begi Bistan enpresaren ekimenez, Rural Kutxaren eta UKUE Urola Kostako Udal Elkartearekin lankidetzan, eta Orioko eta Usurbilgo udalen eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin jarri dute martxan. Atzo goizean aurkeztu zuten proiektua Arraunetxen egin zuten agerraldian, eta enpresa eta erakunde horietako guztietako ordezkariek hartu zuten parte.

Naiara Malave Begi Bistaneko arduradunak azaldu zuenez, ingurumenarekiko sentsibilizazioa jolasaren eta gozamenaren bidez jorratuko dute, "naturan eta naturaz gozatzearekin batera, hondakinen prebentzioan eragin eta ingurumen jasangarriago baten aldeko konpromisoan sakontzeko". Bestetik, Oria ibaiari keinu eginez, haren balioa nabarmenduko dute. "Oria ibaiak, Oriotik, Urola Kosta eskualdetik eta inguruko herrietatik haratago, natur gune gisara duen potentzialtasuna gizarteratu nahi da".

Proiektuan LH5etik DBH4ra bitarteko ia 300 ikaslek parte hartuko dute. Horietatik ia 80 Orioko Ikastolakoak izango dira eta gainontzekoak, Usurbilgo Udarregi Ikastolakoak eta Donostiako, Hondarribiako eta Durangoko beste hiru eskoletakoak.

Hiru erronka

Martxotik maiatzera bitartean gauzatuko da ekimena, eta hiru talde erronka egingo dituzte ikasleek. Lehendabizikoan, irudimena landu beharko dute ikasleek: egunerokoan erabili ohi duten tresnaren bat egin beharko dute birziklatutako materialarekin. Bigarren jarduera bikoitza izango da: euren ikastetxeetan hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko dituzten formula ezberdinak aurkezteko minutu inguruko bideo bat egin beharko dute, eta horrez gain, hondakinak birziklatzeko edukiontziak egin beharko dituzte berrerabilitako materialarekin. Hirugarren jarduera, berriz,  artelan bat egitea izango da. Prozesuan pilatutako material eta ezagutza erabili beharko dute horretarako, eta azalpena eta guzti idatzi. Gero, artelan guztiak Orion eta Usurbilen jarriko dituzte ikusgai.

Hiru erronkak amaitu ostean, maiatzaren 9an eta 10ean ikasle guztiek jai giroan egingo duten Oria ibaiaren jaitsiera erraldoiarekin emango zaio amaiera egitasmoari. Naturaz gozatzearekin batera, ibaiko hondakinak jasotzeko ere baliatuko dute irteera hori. Gainera, jasotzen dituzten hondakinak herrian jarriko dituzte ikusgai.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!