Itsaso Zirkularrak ekimenean parte hartuko du Zaragueta Herri Eskolak, Donostiako Aquariumaren eskutik

Iñigo Gaiton 2022ko mar. 14a, 15:48

Euskal Herriko hondartzak eta ibaiak garbitzeko sei jardunaldi zehaztu dituzte antolatzaileek, eta Zaragueta Herri Eskolakoek Antilla hondartza garbituko dute. Donostiako Aquariumak eta ikastetxeak lotura berezia dute Vicente Zaraguetarekin izandako harremana tarteko, eta horregatik jaso dute egitasmoan parte hartzeko gonbidapena.

Gaur, martxoak 14, Ibaien Aldeko Nazioarteko Ekintza Egunarekin bat eginez, Itsaso Zirkularra egitasmoa aurkeztu dute Donostiako Aquariumean. Donostiako moilan bat egin dute egitasmoaren sustatzaileek eta parte hartuko duten eragileek; tartean, Zaragueta Herri Eskolak.

Itsaso Zirkularrak egitasmoaren aterkipean, sei jardunaldi egingo dituzte Euskal Herriko hondartza eta ibai desberdinetan. Apirilean Zadorra ibaia garbituko dute, eta maiatzean Deba eta Ibaizabal ibaiak. Horiez gain, Zarautz, Orio eta Plentziako hondartzetatik ere jasoko dituzte hondakinak.

Esther Irigarai Donostiako Aquariumeko zuzendariak azpimarratu duenez, hondartzak eta ibaiak garbitzea da ekimenaren xede nagusia, baina are garrantzia handiagoa eman dio "herritarrak sentsibilizatu, kontzientziatu eta mobiliatzeari".  Xede horrekin, "aliantzak" sortu nahi izan dituzte aurten ere, egitasmoak zabalkunde handiagoa izan dezan, eta sare horren parte izango da aurten Zaragueta Herri Eskola, Euskal Herriko beste zenbait ikastetxe eta eragilerekin batera.

Ainhoa Zumeta Zaraguetako zuzendariak azaldu duenez, Orion bada aspalditik urtero egiten den hondartza garbiketa bat, eta testuinguru horretan kokatzen du eskolak aurten egingo duena: "Surfrider Foundation elkartearekin elkarlanean, Orioko Surf Taldeak eta Herrio Natur Taldeak urtero egiten dute hondartza garbiketa. Bi taldeek urte luzez egindako lanari esker, herrian bada gaiarekiko kontzientzia, eta horri segida emanez, Aquariumetik jasotako gonbidapena onartzea erabaki dugu".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!