Asteartera arte, antxoarik ez

Aitziber Arzallus 2022ko mar. 15a, 17:41
Ana Manterola Carmen arrandegiko saltzailea. (Aitziber Arzallus)

Garraiolari autonomoen greba dela eta, bestelako garraio enpresa askok ere gelditzea erabaki dute. Ondorioz, eskualdeko arrantzaleak astelehenera arte behintzat ez dira itsasora aterako. 

Kate bat da. Garraiolari autonomoak astelehenaz geroztik greban daude, ezin diotelako erregaiaren garestitzeari aurre egin, eta garraio enpresa askok gelditzea erabaki dute, helmugara iristeko zailtasunak dituztelako. Hori dela eta, baxurako arrantzaleek hiru egun daramatzate itsasoratu gabe, harrapatutako jeneroa nork banatu ez dutelako, eta gipuzkoarrek erabaki dute astelehenera arte behintzat ez direla aterako. Eta arrandegietan ondorioak antzematen hasiak dira: atzo ez zitzaien antxoarik eta berdelik iritsi, eta datozen egunetan beste arrain mota batzuk ere faltako zaizkien beldur dira.

Josu Indo Orioko Indo garraio enpresaren arduraduna da. 25 bat kamioi hozkailu dituzte eta arrain freskoa garraiatzen jarduten dute. Banatzen duten jeneroaren parte bat Getariako portuan jasotzen dute, eta bestea, Europako hainbat herrialdetatik iristen zaie: Frantziatik, Greziatik, Erresuma Batutik, Norvegiatik, Suediatik... Arrain hori Galiziara eta Espainia guztira banatzen dute gero. Astelehenean kamioiak martxan izan zituzten; atzo, ordea, gelditzea erabaki zuten. "Gurea behartutako geldialdia izan da, ez gaude greban, baina ezin badugu ziurtatu arraina behar duen lekura iritsiko dela, hobeto gaude geldirik", adierazi du Indok.

Hornitzaileei ere abisua eman diete. "Joan den astean, hemengo garraiolariek grebara jo zezaketen zaratak hasi zirenean, ohi baino jenero gehiago bidali ziguten, baina esan diegu ezin dugula arrain gehiago hartu, bestela, arraina jaso bai eta ezin banatu, guretzat bihurtzen da arazo". Arrain freskoa produktu galkorra izanik, bi egun baino gehiago hozkailuan daraman jeneroa zahartu egiten dela ziurtatu du Indok.    

Garraiolari autonomoak daude greban, baina garraio enpresak ere ari dira erregaiaren prezioaren igoera antzematen. "Azken asteotan gastuak %60 bat igo zaizkigu guri ere", aitortu du oriotarrak. Enpresa bat izatean, autonomoek baino malgutasun handiagoa dute igoera horri aurre egiteko, baina ez denbora luzean. Gainera, gasolioaren garestitzeak ez ezik, argindarrarenak ere zuzen-zuzenean eragiten dio Indo garraio enpresari. "Iristen zaigun arraina hozkailuetan biltegiratzen dugu banatu aurretik, eta hozkailuak uneoro martxan eduki behar izaten ditugu, horiek daukaten kontsumoarekin".

Geldialdiak luzerako joko ote duen galdetuta, ez ez zaiola iruditzen erantzun du Indok. "Garraio sektorea gelditzeak, dena gelditzea dakar, eta ekonomia ez dago horrelako geldialdi bat jasateko moduan".

Hala nahi dute arrantzaleek ere, garraiolariak lehenbailehen martxan hastea, itsasoratzeko aukera emango bailieke horrek. Dena dela, gauzak zail daudela adierazi du Jon Mujika Orioko kofradiako presidenteak eta herrian dauden lau baporeetako baten patroiak. "Berdelaren kanpaina bete-betean gaude eta lehen antxoak harrapatzen hasita; beraz, geldialdi honek oso egoera txarrean utzi gaitu". Orain arte, egunez egun joan dira zer egin erabakitzen. "Astelehenean, garraiolariek greba hasi zutela eta, portuan gelditzea erabaki genuen; gaur, beste horrenbeste; baina dagoeneko erabakia hartu dugu: Gipuzkoako baxurako arrantzaleak astelehenera arte behintzat ez gara itsasora aterako". Mujikak badu bitarte horretan gauzak konponbidean jarriko dituzten esperantza. "Garraiolarien elkarteak Espainiako Gobernuarekin hizketan ari dira eta espero dugu astearen bukaerarako akordioren batera iritsiko direla". Hala komeni, denen onerako.

Arrantzaleak ere larri

Baina, garraiolariei ez ezik, arrantzaleei eurei ere zuzen-zuzenean eragiten die gasolioaren garestitzeak. "Guk gasolio profesionala deritzona erabiltzen dugu, gasolio arrunta baino merkeagoa, zergarik gabekoa, eta horren prezioa ere ikaragarri igo da azken hilabeteotan". Kopuruak eman ditu Mujikak: udan 0,55 euro ordaintzen zuten litroa, eta orain, bikoitza, 1,15 euro. Hori dela eta, astelehenean bilera dute kantauri eta mediterraneo itsasoetako baxurako arrantzaleen elkarteek, eta mahai gainean dute grebara jotzeko aukera. Beraz, garraiolarien grebari arrantzaleenak hartu dakioke erreleboa.

Bien bitartean, garraiolarien eta arrantzaleen geldialdiaren ondorioak antzematen hasiak dira arrandegietan; hala baieztatu du Ana Manterolak, Orioko Carmen arrandegiko alabak. "Astelehenetan itxita izaten dugu, eta gaur ikusi duguna da antxoarik eta berdelik ez zaigula iritsi". Bestelako jeneroa bai. "Aita izan da Pasaiako lonjan, eta salmentak nahiko normal joan direla esan du, bertako arrantzaleen jenerorik ez, baina gainontzekoena bazegoela". Egoera luzatzen bada, ordea, bestelako jeneroaren falta aurki antzemango dutela uste du Manterolak.

Hala ere, kontsumitzaileen aldetik, oraingoz, lasaitasuna nagusi eta psikosirik ez. "Oriotarrek badakite baporeak portuan gelditzen badira arrandegian antxoarik ez dela izaten". Momentuz, ez antxoarik eta ez berdelik, gutxienez asteartera arte.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!