Liher eta Ginger taldeek gaur Etxeluzen emango dituzten kontzertuekin hasiko da Korrika Kulturala

Aitziber Arzallus 2022ko mar. 19a, 12:00
Ginger taldea. (Maider Leturiaga)

22:00etan irekiko dituzte gaztetxeko ateak eta zortzi euro kostako da sarrera. Apirilak 8ra bitartean, Korrika Kulturalaren barruan, beste hainbat ekitaldi antolatu dituzte udalak eta herriko kultur eta hezkuntza arloko eragileek.

Orioko Korrika batzordea urtarrilean hasi zen biltzen, aurtengo Korrikarekin lotutako jarduerak antolatzeko. Korrika batzordea eskualdeko AEK-k dinamizatzen du eta bertan parte hartzen dute Orioko Udalak eta herriko hainbat eragilek, kultura eta hezkuntza alorrekoak. Korrika batzordeak zehaztuta utzi zuen azken bileran Korrika Kulturalaren aurtengo programa, eta hau izango da:

  • Gaur: 22:00etan, Liher eta Gingerren kontzertua gaztetxean, Etxeluze gaztetxeak antolatuta.
  • Martxoak 27, igandea: 18:00etan, bertso saioa kiroldegian, Errikotxiak eta udalak antolatuta. Bertsolariak: Maialen Lujanbio, Oihana Arana, Joanes Illarregi, Amets Arzallus eta Andoni Egaña. Gaia jartzen: Unai Manterola
  • Martxoak 30, asteazkena: 17:30ean, Pello Añorga ipuin kontalariaren saioa kultur etxean, 5-8 urte arteko haurrentzat, udalak antolatuta.
  • Apirilak 1, ostirala: 22:00etan, Antton Telleriaren Nekatutak bakarrizketa kultur etxean, udalak antolatuta.
  • Apirilak 7, osteguna: 15:00etan, herriko ikastetxeek antolatutako Korrika Txikia herrian barrena. 18:30ean, Korrikapoteoa herriko tabernetan eta trikitilariak kalez kale.
  • Apirilak 8, ostirala: 05:00etan, Korrika iritsiko da Xuai gainera, Zarauztik. 05:20etan, Korrika iritsiko da Herriko Plazara. 05:30ean, txokolate jana Korrikan parte hartu duten guztientzat.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!