Brigaden aurkezpena egingo du Askapenak martxoaren 26an gaztetxean

Aritz Mutiozabal 2022ko mar. 23a, 10:30
Datorren larunbatean Askapenak 2022ko brigaden aurkezpena egingo du Etxeluze gaztetxean, 17:00etan hasita. Askapenak 35 urte beteko ditu aurten eta, osasun egoerak nahiz ezarritako neurriek baldintzatutako bi urteren ostean, berriro ere martxan jarriko ditu brigadak. Ekitaldian Ibai Trebiñoren Donbass: gerra Europaren bihotzean dokumentala eskainiko dute, gainera.

Internazionalismoak "herrion askapen nazional eta sozialean" daukan garrantzia jarri nahi du
mahai gainean Askapenak. "Gure hastapenetik, brigadak izan dira horretarako tresnarik garrantzitsuenetako bat; izan ere, gainontzeko herri langileen borrokak ezagutu eta geureak irakaspen horietaz elikatu dituzte ehunka euskal brigadistek, eta, noski, era berean, gure herriko esperientziak gainontzeko herrietara zabaldu izan ditugu. Horregatik daramatzagu 35 udagorri Euskal Herriari ekarpen internazionalista egiten".

Munduko herri langile guztien "askatasuna" dute helburu, "geurearen askatasuna izanik lehen urratsa, hori baita gainontzeko herriei egin diezaiekegun ekarpenik eraginkorrena". Horregatik arrazoitu dute daramatzatela brigadak antolatzen: "Hain zuzen ere, herri borroken elkar-ezagutza bultzatzeko eta, bueltatzerakoan, Euskal Herrian internazionalismoa eta gure askapen borrokak elikatu ditzaten".

Horrekin batera, brigadetan izena emateko epea zabalik dagoela adierazi dute, eta haiekin harremanetan jartzeko brigadak@askapena.eus helbidera idatzi datekeela.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!