35 urte internazionalismora bidean

Elena Marguello 2022ko mar. 25a, 09:00

Hiru hamarkada eta erdi beteko ditu aurten Askapenak, eta ibilbidea "gora beheratsua" izan bada ere, helburu berdinekin jarraitzen dute lanean bertako kideek. Bihar aurkeztuko dituzte 2022ko brigadak Etxeluze gaztetxean, 17:00etan hasita.

Askapena Euskal Herriko erakunde internazionalistak 35 urte beteko ditu aurten. Urte horiek guztiak eta gero Euskal Herrian eragile bat "bizirik, antolatuta eta borrokarako prest" egotea zerbait "ezohikoa" dela uste du duela sei urte ingurutik Askapenako kide den Iraitz Gesalagak: "Ibilbide luzea eta jendetsua izan da orain artekoa, baita gorabeheratsua ere".

Hiru hamarkada eta erdiren ondoren, eta ilegalizatzeko saiakera bati aurre egin ondoren, Askapenaren helburu nagusiak bere horretan darrai: Euskal Herri askea, euskalduna, sozialista, feminista eta internazionalista izatea. Hala ere, hori lortzera bidean, denboraren eta garaiaren arabera "fokoa" aldatzen joan zaio erakundeari; hasieran Latinoamerika, ondoren Ekialde Hurbila, eta orain Europa dute helburu.

Gaur egungo Askapenaren jarduna "xumeagoa" dela aipatu du Gesalagak; haren esanetan, "testuinguru politikoak ez duelako asko laguntzen militatzeko edo borrokan aritzeko". Nahiz eta hainbat kanpo faktorek biztanleria erosoago, lasaiago eta gusturago bizitzea eragiten duten, lanean jarraitzeko arrazoiak ez zaizkie falta Askapena osatzen duten kideei, badelako "internazionalismoa borroka tresnatzat" ulertzen eta "borrokatzen" jarraitzen duenik.

Askapenaren ibilbidea "ez da izan erraza" Gesalagaren ustetan. "Etsaiek hori nahi dute, beldurra sartzea eta borroka egiteko bidea oztopatzea", eta horri aurre egiteko modu bakarra antolatzea eta klaseen arteko elkartasun sareak sortzea dela iritzi diote.

Gainerako herriei egin diezaieketen "ekarpenik garrantzitsuena herria askatzea" dela uste du, baina hori lortu artean bada beste zereginik ere: injustiziak eta eraso inperialistak salatzea, besteak beste. Ildo horretatik praktikatu izan dute Askapenakoek joan-etorriko elkartasuna, eta brigadistak "oso garrantzitsuak" direla deritzo Gesalagak, beste herrialdeetako militanteak eta borrokak ezagutzeko, haiei Euskal Herriko gatazkaren berri eman ahal izateko eta herrialde horietatik itzultzean bakoitzak bere inguruan esperientzia hori "kolektibizatzeko".

Asko eta asko dira Euskal Herritik atera eta gainerako herrialdeetara joan direnak brigadista moduan. Askapenako kideek "prozesu" bat bezala ulertzen dute brigadista izatearena, eta prozesu horretan jartzen dute indarra.

Azaldu du brigada formakuntza prozesu bat dela, herrialdearen egoera ezagutzeko, taldean egoteko edota internazionalismoa zer den eta zer ez den barneratzeko. "Gaur egun, gero eta hedatuago daude elkartasuna adierazteko moduak, eta horiek oso arriskutsuak dira oso jarrera paternalistak sortu ditzazketelako eta gatazkak konpondu beharrean, enkistatu eta betikotu egiten direlako".

Esperientziaren ahotsa

Gainerako herrietako borrokak ezagutzeko joerak eta herri horietan nola antolatzen diren jakiteak interesa piztu izan dio beti Gesalagari, "betiere, perspektiba hemen jarrita, hemengo borrokak eraginkorrago izateko eta esperientzia gehiago izateko". Hasieran "turismo politikoa" egiten, eta gerora, Askapenera batuta ezagutu ditu borroka bat baino gehiago: "Esperientzia pertsonal hura kolektibizatzearen beharraz jabetu nintzen, eta etsai komunak elkarrekin borrokatzeak duen garrantzia ulertu nuen".

2022ko brigaren aurkezpenak, gaur Zarautzen eta bihar Orion

Osasun egoerak nahiz ezarritako neurriek baldintzatutako bi urteren ostean, Askapenakoek berriro ere martxan jarriko dituzte brigadak. Gaur Zarautzen, eta bihar Orion aurkeztuko dituzte 2022ko brigadak.

Zarautzen 18:00etan hasiko dute aurkezpena, Putzuzulo gaztetxean; Orion, berriz, 17:00etan Etxeluze gaztetxean egingo dute aurkezpena. Aurkezpenak eta gero, Donbass: gerra Europaren bihotzean dokumentalaren emanaldia izango da ikusgai haren zuzendari Ibai Trebiñorekin batera.

Iraitz Gesalaga Askapenako kidearen esanetan, azkenengo urteetan, nora bidaiatu nahi duten baino, brigadek zer egin nahi duten azaltzen ari dira aurkezpenetan: "Garrantzitsuena brigadista izatea da, ez bidaiaren norakoa. Brigadista izateak perspektiba zabaltzen du". Dena den, azken urteetako ohiturarekin jarraituz, Europan kokatuko dituzte brigada gehienak eta "lehentasun handienekoak"; baita ohiko herrialdeetan ere. "Gure gudu zelaia Europan dagoela uste dugu, eta bertako herri langileen esperientzia nolakoa den ezagutzea oso garrantzitsua iruditzen zaigu. Oso gertu sentitzen ditugulako eta komunean lana egiteko aukerak sortzen dituelako".

Euskal Herriko borrokalariak brigadetan parte hartzera eta "elkartasun internazionalista indartzen laguntzera animatu" nahi dituzte Askapenakoek, eta horretarako, zabalik dute brigadetan izena emateko epea. Harremanetan jartzeko brigadak@askapena.eus helbi- dera idatzi dezake interesa duen orok.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!