Herri guztietan 3 urteko ikaspostuen erdiak behintzat publikoak izatea eskatu dute Zaraguetako ordezkariek ere

Aitziber Arzallus 2022ko mar. 30a, 11:45

Baikara Gipuzkoako eskola publikoetako gurasoen elkarteak eta hainbat eskola publikotako ordezkariek salatu dute itunpeko ikastetxeen "gehiegizko eskaintza" dagoela eta horrek bide ematen diola segregazioari. Orioko Zaragueta Herri Eskolako ordezkariak ekitaldian izan dira, eta Idurre Lizarralde Zaraguetako guraso elkarteko idazkaria izan da hitza hartu dutenetako bat.

Baikara Gipuzkoako eskola publikoetako gurasoen elkarteen federazioak eta lurraldeko hamar herritako eskolen ordezkariek Gipuzkoako ikaspostuen eskaintza salatu zuten atzo Donostian egindako agerraldian. Han izan ziren Orioko Zaragueta Herri Eskolako ordezkariak ere, eta hain zuzen ere, Idurre Lizarralde Zaraguetako guraso elkarteko idazkaria izan ziren ekitaldian hitza hartu zutenetako bat.

Lizarraldek eta Usoa Urbieta Baikarako koordinatzaileak azaldu zutenez, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak orain zehaztu behar du datozen sei urteetarako itunpeko ikastetxeen eskaintza. Hori horrela, eskaera argiak egin zizkioten: 3 urteko haurrentzat herri bakoitzean eskaintzen diren ikaspostuen erdiak behintzat eskola publikoetan eskaintzea eta ikaspostu publikoen eskaintzari buruzko negoziazioa zabaltzea.

Izan ere, gaur egungo egoera bestelakoa dela salatu zuten, eta esanak berresteko, datuak eman zituzten 2022-2023rako 3 urteko haurrentzat herri batzuetan egindako eskaintzaren inguruan: Andoainen, itunpekoek eskaini dituzte tokien %85; Tolosan, %79; Arrasaten, Bergaran, Legazpin, Oñatin, Orion, Urretxun, Zumarragan eta Villabonan, %68; Zarautzen, %66; eta Elgoibarren, %62. Donostian eskola publikoen eskaintza %40 ingurukoa izan dela esan zuten

Banaketa horrek "alarma guztiak" piztu dizkietela nabarmendu zuten: "Jaiotze tasa nabarmen jaitsi den arren, itunpeko ikastetxeetan ia aldaketarik gabe mantendu da aurreko etapako ikaspostuen eskaintza". Eta horrek zer eragin dezakeen ohartarazi du: "Gehiegizko eskaintza egiteaz eta diru publikoaren gastua igotzeaz gain, segregazioa areagotzen du".

Baikararen irudiko, datozen sei urteetarako plangintzak errealitate demografikoari eta atzerriko ikasleen "beharrezko integrazioari" erantzun beharko lioke, "eskolatzeko orekatua bermatzeko". Horretarako, uste dute "ezinbestekoa" dela 3 urteko haurrentzat udalerri bakoitzean eskaintzen diren lekuen %50 gutxienez eskola publikoetan eskaintzea. Eta Hezkuntza sailburuari ere egin zioten eskaria: "Gipuzkoako eskola publikoen eskola komunitateek dagokien autonomiaz adostu duten eskariari erantzuteko, eta eskatutako ikaspostu publikoen eskaintzari buruzko negoziazioa zabaltzeko".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!