Parrillak dituzten jatetxeei terrazetan egitura erdi-finkoak jartzeko aukera eman die udalak

Iñigo Gaiton 2022ko api. 3a, 17:00

Biziberritze Planaren testuinguruan, parrillak "Orioren nortasun ikurtzat" hartu ditu udalak. Horien jarduera babesteko eta berreskuratzeko helburuarekin, ordenantza berriak baimena ematen die hiru jatetxeri terrazetan egitura erdi-finkoak jartzeko: Xixariori, Bodegon Sarasuari eta Bodegon Joxe Mariri, hain zuzen ere.

Udalak azken urteetan egindako hausnarketa prozesuaren emaitza da Biziberritze Plana. Dokumentuak jasotzen duenez, parrillak herriaren nortasunaren ikurretako bat dira, eta ildo horretan, parrilekin lan egiten duten jatetxeen lana babestu nahi du udalak; zehazki, "herrian geratzen diren azken parrilak babestu eta horien jarduera berreskuratu" nahi dute ordenantza berriarekin.Hala, parrillak dituzten jatetxeek aukera izango dute aurrerantzean terrazetan egitura erdi-finkoak jartzeko.

Udalak adierazi duenez, "Orioko merkataritza, turismo eta ostalaritza-sektoreak etengabe egokitu behar izaten du, kalitatezko zerbitzua eta arreta eskaintzeko. Errealitate berriari aurre egiteko, udalak terrazen ordenantza berria aurkeztu zuen 2021. urtearen bukaeran, Biziberritze Planaren gidalerroekin bat eginez; ordenantza berria, hain zuzen, herriko nortasun-ikurrak eta erakargarritasuna mantentzeko estrategia orokorraren baitan kokatzen da".

Horrenbestez, parrilak "jarduera berezitzat" hartzen ditu ordenantzak, "udalerriaren jarduera ekonomikoaren suspertzaile" direlako. Hala, baimen berezia ematen die herriguneko hiru jatetxeri, terrazetan egitura erdi-finkoak jartzeko aukera izan dezaten. Xixario erretegiak bazuen halako egitura bat lehendik, eta orain beste biei ere (Bodegon Sarasua eta Bodegon Joxe Mari) eman zaie baimena instalatzeko.

Herriko beste erretegiei ez die eragiten terrazen ordenantzak. Orioko Barra udal kontzesioa da, eta, horrenbestez, beste araudi baten barruan dago. San Martinek eta Bodega Katxiñak, aldiz, ez dute bide publikoa okupatzen. Udalaren hitzetan, ordenantza berriaren helburua "dauden erretegiak babestea" da, eta jarduera berreskuratu nahiko luketenei "aukera erakargarriago egitea".

Izan ere, "ostalaritzak eragin zuzena du turismoan" udalaren iritziz, eta herrira bisitan datozenak ohiko bezero dira erretegietan. Horregatik, "herriaren nortasuna erdigunean jartzeko aukera" eskaintzen dute erretegiek, Orioko ondare immateriala —herritarren nortasuna— bistaratzen dutelako. Udalarentzat funtsezkoa da "alojamenduetan, ostalaritzan eta merkataritzan ere herriaren nortasun-ikurrak zaintzea eta elikatzea".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!