Enplegua eta zaintzak banatzeko, eta aberastasuna birbanatzeko politiketan egingo du azpimarra LABek Maiatzaren 1ean

Juan Luis Romatet 2022ko api. 9a, 12:00
Urola Kostako LABeko delegatuak, maiatzaren 1eko deialdia iragartzeko egindako ekitaldian. (Urola Kostako LAB)

Maiatzaren 1aren harira antolatuko diren ekintzatan parte hartzeko deia egin dute Urola Kostako LABeko delegatuek. Gipuzkoa mailako manifestazioa Donostian egingo da, Easo plazatik abiatuta, Altxa! Egin dezagun posible. Zaintza lanak, enplegua, ondasuna banatu lelopean. Aurtengoan mobilizaziorako espazio ludikoak prestatuko dituzte, “errebindikazio-eguna ere jai-eguna bilakatzeko xedez”. 

Enplegua eta zaintzak banatzeko, eta aberastasuna birbanatzeko politiketak egingo du azpimarra LABek Maiatzaren 1ean, Langileen Nazioarteko Egunean. Sindikatuaren arabera, “kapitalismoak planeta ustiatzen du eta pertsonak esplotatzen ditu. Langile-klasea desjabetzen ari da, zaintza-lanak ez ditu aintzat hartzen, lan-harremanak prekarizatzen ari da eta zerbitzu publikoak desegiten. Horrela, laneko errentak kapitalaren errentetara pasatzen ari dira, eta, hala, prekarizazioa bizitzaren esparru guztietara hedatzen ari da, bizitza etengabe garestitzen, eta ondorioz, langileak pobretzen”. Egoera hau, LABen ustetan, “jasanezina” da. “Langileok urteak daramatzagu krisian, hori ez da berria. Eta, orain ere, bizitzaren garestitzea ez dugu denok berdin nozitzen”. 

Horren aurrean, “egiturazko neurriak” hartu behar direla uste du LABek, “ez partxeak, estatuetako gobernuak eta gobernu autonomikoak egiten ari diren moduan”. “Politika birbanatzaile egoki bat izan ezean ez da posible izango zerbitzu publikoak behar bezala garatzea, ezta babes sozialerako politika duin bat ere”, adierazi du sindikatoak. 

Banaketa hirukoitza

LABen esanetan, lan guztiak “aitortu, banatu eta duindu behar dira; banatu eta duindu lanaldia murriztuz”. Bestalde, aberastasuna birbanatzeko ideia horretan, banaketa hirukoitza proposatzen du LAB sindikatuak. 

Zentzu horretan, soldatak hobetzearen beharra azpimarratu dute: “KPIaren araberako soldata igoerekin, eros ahalmena galtzeko; eta 1.400 euroko gutxieneko soldatarekin”. Zerbitzu publikoak ere hobetu behar direla aldarrikatu dute: “kalitatezko zerbitzu publikoak garatu behar dira osasungintzan, hezkuntzan, etxebizitza politiketan, politika sozialetan. Zaintzarako zerbitzu publikoa garatzea ere ezinbestekoa ikusten dugu”. Erreforma fiskal baten beharra ere ikusten dute, “kapitalaren errentei eta enpresen irabaziei zergak igota”.

Kapitalismoari alternatiba bat aurkitzeko “afera globala” dela ikusten dute, baina aurrez aipatutako neurriak Euskal Herrian ematea posible egin behar dela uste du LABek, “tokian toki sustatu beharrekoa, elikadura burujabetzan aurrera eginez, baita energia burujabetzan ere; burujabetza, langileen bizi-baldintzei dagozkien erabakiak hartzeko”. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!