Asteartean bukatuko da kultur jardueretarako udalaren dirulaguntzak eskatzeko epea

Aitziber Arzallus 2022ko api. 15a, 10:27

Irabazi asmorik ez duten herriko kultura, gazteria, ingurumen eta aisialdiko eragileei zuzendutako deialdia da. Hilaren 19rako aurkeztu beharko dituzte eskaera orria eta eskatutako dokumentazio guztia.

Asteartean, hilak 19, bukatuko da kultur jardueretarako aurtengo udala dirulaguntzak eskatzeko epea. Hain zuzen ere, irabazi asmorik gabeko herriko kultura, gazteria, ingurumen eta aisialdiko taldeek zein elkarteek dute dirulaguntzak eskatzeko aukera, 2022an gauzatuko dituzten egitasmo eta jardueretarako.

Udalak diruz lagunduko dituen jarduerek bat egin behar dute Orioko Udalaren kultura, gazteria, ingurumen eta aisialdirako programen helburuekin, eta erakundeak zehaztu egin du zertarako eskatu ahal izango diren dirulaguntzak. Honetarako eskatu ahal izango dira:

  • Orioko kultur, natura eta gazteria erakunde eta taldeen ohiko jarduerak.
  • Gazteria, ingurumen edo eta kultur jarduera puntualak: berezko ezaugarriengatik aurreikusi ezin izan diren jarduerak dira, edota aldian behinekoak direlako oinarriotan zehaztutako epean burutuko direnak.
  • Kultura eta Gazteria batzordeari dagokio ekimenaren izaera puntuala zehaztea. Kultura, gazte, natura eta aisialdi egitasmo eta jarduerak, honako gaietan: musika, antzerkia, dantza, folklorea, literatura, aisialdia, artisautza, arte plastikoak, bertsolaritza, ikus-entzunezkoak, ingurumenaren defentsa-zaintza, ondare historiko-arkeologikoa eta kultur aniztasuna.
  • Auzoetako festak.

Deialdia eta bete behar diren dokumentuen ereduak lotura honetan daude, interesatuek kontsultatzeko eta deskargatzeko. Edozein zalantza argitzeko, Iker Apaolaza udaleko kultura teknikariarekin jarri harremanetan, kultura@orio.eus helbidera idatzita.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!