"Musika jotzea herria egiteko modu bat izan da gure etxekoentzat"

Iñigo Gaiton 2022ko api. 22a, 16:15

Martin Peronak omenaldia jasoko du maiatzean, Andoaingo Gora Kale Txiki txarangaren eskutik. Omenezko ospakizuna aitzakia hartuta, Peronaren tailerreraino bertaratu gara, berak eta etxekoek musikarekin izan duten harremanaz hitz egitera. Ontzigintza eta Jorge Oteiza ere izan ditu ahotan.

Martin Peronaren mundua zein den ulertzeko, nahikoa da anbulatorioaren ondoan duen tailerraren parera hurreratzea. Erreminta mordo bat du han, partiturak atrilean jarrita, egunkarietako zatiak eta argazki zaharrak paretetan, lauzpabost instrumentu eta atzealdean, eskuz egindako piraguak, beste gauza askoren artean. Urteen joanaren markak nabarmenak dira lokalean; iraganak presentzia handia du joandako senitarteko, lagun eta une berezien argazkietan eta gordetako objektuetan. Hala ere, lokalean ez da ur geldirik, eta Martinek martxan jarraitzen du; musika jotzen batzuetan, artisau lanean besteetan, oparoa da bere produkzioa. 

Peronatarrok musikarako grina handia izan duzue betidanik. Nondik datorkizue afizioa?
Karlos, gure aita, izan zen etxeko aurreneko musikaria. Umetatik izan zuen musikarako grina, baina herrian ez zuen ikasteko aukerarik izan, ez zuen oinarrizko ezagutzak erakutsiko zizkion inor topatu. Urteek aurrera egindakoan, soldadutza garaian suertatu zitzaion musikan murgiltzeko aukera. Aita zerbitzu militarrean sartu aurretik, Francok preso hartutako atxilotuak Aiako Harrietan lanean ibili ziren. Izugarri gogorrak ziren egiten zituzten lanak, tunelak eta errepideak eraiki ahal izateko mendia botatzen jarduten zuten. Preso horiek guztiak handik eraman zituzten gerra bukatutakoan, eta lanek segida izan zezaten, soldadutzako gazteak eraman zituzten Aiako Harrietara.

Aitak aurreikusi zuen zer panorama izan zezakeen han, eta soldadutzako lagun batek musika banda militarrean sartzeko aukera jarri zion eskura. Oraindik ez zekien musikarik jotzen, baina lagunak esan zion nahikoa zuela instrumenturen bat lortu eta hura eskuan zuela hara azaltzea. Hala, Oriora etorri eta Felipe Arostegiri azaldu zion bere egoera, Orioko Bandaren zuzendariari. Hark soberan zuten klarinete bat laga zion, eta hura eskuan zuela itzuli zen soldadutzara. Bandan sartu zenean, lan txikiak egiten jarri zuten aurrena: atrilak ondo jarri, partiturak jaso, erratza pasatu... Zorionez, giro horretan musika ikasten hasi zen, eta mendiko lan gogorretatik ere libratu zen. 

Soldadutza bukatutakoan, Orioko Bandan sartu zen aita, eta bizi osoan jarraitu zuen musika jotzen eta ikasten, beti bere kabuz. 

Eta zuek nola jaso zenuten aitaren afizioa?
Bandan beti falta izaten zen bonbo jolea. Normalean herriko gaztetxoek jarduten zuten horretan, eta laga egiten zuten banda, koskortu ahala itsasoan lanean hasten zirelako. Horixe pasatu zitzaion nire anaia zaharrari, Inaziori, eta nik hartu nuen haren tokia. 

[Elkarrizketa eten behar izan du Martinek, lokalean izandako bisita bati kasu egiteko. Elkarrizketak iraungo duen ordu eta erdian, beste bizpahiru lagunek ere joko dute atea. "Zer Martin, gaur ez al da musikarik?" galdetu dio lagunak irribarrez].

Bonboa jotzen hasitakoan, oinarrizko kolpe eta erritmoak ikasteko aukera izan nuen bandan. Solfeorik eta halakorik jakin gabe, musika munduan murgiltzeko aukera paregabea izan zen hura, ikaragarri ikasi nuen herriko musikariekin batera. Igandero jotzen genituen plazan dantzarako piezak, eta astero jo behar horrekin, errepertorio aberasgarria barneratu nuen. Gero, klarinetearekin hasitakoan, ezagutzen nituen kantuak jotzen nituen bandarekin, eta besteetan, isilik egoten nintzen, entzuten. Hura izan zen nire musika eskola, beste askorena bezala. 

Gerora, hainbat instrumentu jo izan duzu txaranga eta bandetan. 
Bonboarekin trebatu eta gero, aitak klarinetea jotzen erakutsi zidan. Klose metodoaren bidez ikasi nuen, liburu handi batekin. Egia esan, bikaina da liburu hori, asko ikasi nuen. Gerora, saxofoia eta tuba jotzen ere ikasi dut nire kabuz. 

Orioko Bandan hasi ondoren, urte luzez beste herrietako txaranga eta bandetan ere ibili zara. 
1970ean desegin zen Orioko Musika Banda. Aitak eta biok musika jotzen jarraitzeko gogoa genuen, eta Hernaniko Bandara juntatu ginen, aitak han lagun bat zuelako. 48 urte egin ditut haiekin jotzen, eta oraindik ere joaten naiz urtean pare bat alditan, San Juan bezperan eta Gabonetan egiten dituzten emanaldietan parte hartzera. Andoaingo Gora Kaletxiki txarangarekin ere duela urte askotatik jotzen dut, eta baita Getariako Bandarekin ere. 

Aitarengandik jaso zenuten zaletasuna anaiok, eta zuek ere pasatu diezue hurrengoei. Ohikoa izan da zuen etxeko lauzpabost lagun herriko txarangan ikustea. Transmisio horrek batu al zaituzte familia modura? 
Musika gure etxekoentzat afizio eta bizigai handia izan da. Ez gara izan musikari onak, baina oso jardunzaleak bai, eta indar horri eusten diogu oraindik ere. Musikaren bueltan famili giroan gozatzeko aukera izan dugu, eta horrek balio handia du guretzat. Egia esan, modu naturalean eman da aipatzen duzun transmisio hori. 

Musikari onak ez dakit, baina zuek baino herrikoiagoak gutxi izango dira. Herriko txarangak zuen etxeko indarrari esker eutsi dio urte luzez, Iñigo semeak tronpetarekin behin baino gehiagotan jarri izan du Donostiako Alde Zaharra dantzan Kontxako estropadetan, eta adibide gehiago ere jarriko genituzke. 
Hori hala da, bai. Jendarteari ekarpena egiten saiatu gara beti musikaren bidez, laguntzen; hau da, herria egiten ahalegindu gara musikarekin, jendeari zerbait ematen, umiltasun handiarekin. 

Zentzu horretan, arantza bat geratu zait barruan: ahaleginak egin arren, ez dugu lortu Orion lehengoa bezalako musika banda bat izatea. Urte batzuetan txaranga on bat egitea lortu genuen, Herrikoia izena jarri genion. Hori indartu eta banda sortzea zen gure asmoa, baina bidean geratu zen proiektua. 

Txaranga hori al da azken hamarkadetan alironetan-eta ibili dena? 
Ez, hori geroago sortu zen, aitaren ekimenari esker. Haren indarrak mantendu zuen txaranga urte luzez: Inazio nire anaia bonboa jotzen, Eusebio Lasarte txindatekin, ni saxofoiarekin, Daniel Barrentxea danborrarekin, Hernaniko errefortzu batzuk, herriko gaztetxoak... 

Aitaren izena izan duzu berriro ahotan. Zer lezio laga zizun? 
Musikarako gogo eta grina ikaragarriak zituen, eta hori nirekin daramat, indar berari eusten saiatzen naiz. 

"Kasasbaratas"-etan auzoaren parte zen bere klarinetearen hotsa. Urteetan aurrera egin arren, ia egunero egiten zuen saioa instrumentuarekin: udazkenean Erregeen kabalkadarako abestiak entzuten ziren haren leihoan, Gabonak pasatakoan Aste Santuetarako abestiak prestatzen hasten zen, eta udaberrian, alironetarako piezak... 
Kar-kar-kar... Bai. Musika jotzen orduak egiteaz gain, zenbat denbora pasatu ote zuen partiturak eskuz kopiatzen... 

Urteak joan eta urteak etorri, txarangarekin aliron piloa jotakoak zarete. Ba al da bereziki gogoratzen duzun banderaren bat? 
Aliron guztiak dira onak, ez dago txarrik! Kar-kar-kar... Baten bat seinalatzekotan, Kontxakoak beti izaten dira oso sentituak herrian, eta plazan sortzen den giroa ere halakoxea izaten da. 

Orain ospakizun batzuk galtzen joan diren arren, lehen txarangak urte osoan egiten zituen emanaldiak. Kalean jotzen direnen artean, baduzu emanaldi kutunik? 
Erregetako kabalkada ederra izaten da Orion, eta oso gustura jo izan dut betidanik. Bestalde, lehen, Balearen Egunean festa ederra antolatzen zen herriko elkarte gastronomiko guztien artean, eta primerako danborrada izaten zen, hura gustatzen zitzaidan gehien, kuadrilla desberdinetako jendeak bat egiten zuelako. 

Musika izan dugu hizpide orain arte, baina lokal honetan argi ikus daitekeen modura, beste afizio batzuk ere badituzu. Eskura dituzun erremintei eta tresneriari erreparatuta, nabarmena da bizi osoan artisautzarako izan duzun bokazioa ere. Traineruak eta bestelako txalupak egindakoa zaren arren, zer ofiziotan jardun duzu lanean? 
Arotz modura jardun dut lanean bizitza osoan. Aita bernizatzailea zen, eta bere kontura egiten zuen lan, egurrarekin. 13 urterekin hari laguntzen hasi nintzen, eta 14 urterekin Arin y Embilen sartzeko aukera suertatu zitzaidan. Osaba zen hango tailerreko arduraduna, eta hark ireki zidan arotz modura trebatzeko bidea. Bestela, litekeena da beste ofizioren batean bukatu izana. Hamabost urte egin nituen Arin y Embilen, eta ondoren, Xeyn ibili nintzen jubilatu arte. 

Nola gogoratzen dituzu lanean hasi aurreko eskolako garaiak? 
Eskolara ez nintzen sekula gustura joan, behin ere ez. Haurtzaroko tragorik txarrenak eskolan pasatu nituen; hura beldurra, beldurra eta beldurra zen niretzat. Ez ziguten euskaraz egiten uzten, okerren bat eginez gero kaskarrean jotzen gintuzten, erremediorik gabe hango lezioak ikas behar hura... Tentsio handiarekin bizi izan nituen garai haiek. Niretzat, lanean hastea loteria tokatzea izan zen, hura bai zerua. 

Egurrarekin lanean urteak egin ondoren, aurreneko trainerua egin zenuen 1991n, eta gerora beste hiru ere bai. Nolatan animatu zinen? Zer suposatu zuen zuretzat orduko testuinguruan?
Jesus Mari anaiak eta biok aspalditik genuen trainerua egiteko ametsa, gaztetan arraunean ibili ginen urteetatik. Nahiago nuen tostartean ibili ginen garaian egin izan banu, barruan arraun egiteko aukeraz gozatzeko. Askotan berotzen ginen, baina ez genuen aurrera egiten. 

Estropalariek traineruarekin gorabeheraren bat izan zuten urteren batean, eta erremediorik gabe bat behar zutenez, Galiziatik ekarri zuten txalupa bat, hango talde batek lagata. Ordurako Zumaian egiten nuen lan, eta lantokian adarra jotzen ziguten: "Orio traineru faltan, eta galiziarrei eskatu behar bat...". Arraioak! Orduan bai, berotu eta trainerua egingo nuela agindu nion nire buruari. Remigio Lertxundi osaba jubilatu berria zen orduan, arotz fina zen hura. Berak lagundu zidan, hasieran nire proposamena errezeloz hartu arren. "Trainerua? Ba al dakik zer lan duen horrek?", saiatzen zen niri hankak lurrean jartzen. Ez nuen atzera egin.  

Ba al zenuen ontzigintzari buruzko ezagutzarik? Nola ekin zenion lanari? 
Jesus Mari anaiak ordurako gordeta zituen Mutiozabal ontziolan bilatutako txalupen planoak. Haietako bat emateko eskatu nion, itxura ona zuen bat, nonbaitetik hasteko aukera izan nezan. Izan ere, ez nuen aurretik txaluparik behin ere egin, ez handi ezta txikirik ere. Plantillekin-eta itxura pixka bat ematea lortu nuenean, Iñaki Sarasuari hots egin nion, martxan jarritako proiektua ikus zezan. Hura zen orduan arraun elkarteko presidentea. Itxura hona hartu zion egiten ari nintzenari, eta zuzendaritzarekin hitz egin ondoren, niri laguntzea erabaki zuten. Ilusioa egin zien herriko bat trainerua egitera animatu izanak, eta haiek ordaindu zuten egur guztia. Gero, zoritxarrez, ez zuten erabili estropalariek, Kortak begitan hartu zuelako. 

Traineruaz gain, zuk egindako piraguak ere badituzu hemen gordeta, lehengo urtean egurrezko ala bat egin zenuen lagun batentzat, eta orain, arraun surferako taula handi bat duzu sortze prozesu betean. 
Errioan ikusi izan ditut arraun surfean, beti banaka, eta pentsatu nuen interesgarria izan zitekeela bi lagun batera ibiltzeko ohol handiago bat egitea. Itxura eman diot dagoeneko, baina oraindik ez dago bukatuta. Kuriositatea izaten dut gauza berriak probatzeko, eta horrelaxe animatu naiz arraun surferako ohol hau egitera ere. 

Eskuz eginak dira zure traineru denak, eta hemen, lokalean ere artisau eran jarduten duzu zure saltsan. Zer iritzi duzu teknologia berrien inguruan? 
Lana asko errazten dute. Konparazio baterako, Jon Lasak ordenagailuarekin diseinatu zituen bere traineruak, eta baliabide teknologikoei esker era zehatzagoan lan egiten dela iruditzen zait. Eskuz akatsak egiteko aukera gehiago izaten da. 

Sekula ontzirik egin gabea izan arren, trainerua egitera ausartu zinen; ildo berean, arraun surfeko taula batekin ere ari zara esperimentatzen; Jorge Oteizaren Pietatearen erreplika egiteko enkargua ere halatsu jaso zenuen, aurretik eskulturagintzan eta zizelkatze lanetan inolako eskarmenturik ez zenuela. Zer moduzkoa izan zen esperientzia hura?
Orduko alkateak, Jose Migel Makazaga Rubio-k etxera hots egin zidan, bere bulegoan nirekin elkartu nahi zuela esateko. Pietatearen erreplika txiki bat erakutsi zidan eskuan, eta egurra zizelkatuz, irudi bera dimentsio handiagoan egingo ote nukeen galdetu zidan. Bolada hartan, nonbait, hartu-eman onak zituzten Oteizarekin, eta bere omenezko pieza bat jarri nahi zuten herrian. 

Rubioren proposamena jasotakoan, nire burua ez nuen gai ikusten lan hura egiteko; arotza izanik, egurrarekin trebea nintzen ordurako, baina eskulturaren kopia bat egitea oso lan zaila iruditu zitzaidan. Banekien, gainera, pieza herrian denen bistan jarri nahi zutela, eta horrek atzerako handiagoa eragiten zidan. Alkateak, berriz, egiteko eta egiteko esaten zidan; beldurrik ez izateko, behar nuen egur guztia ekarriko zidatela, zerbait gaizki egin eta berriro hasieratik hasi beharko banu. Huts egiteko aukera izate horrek lasaitu egin ninduen, eta probatzea erabaki nuen.  

Hala, osaba Remigiorengana jo nuen aholku eske, eta hark lagundu zidan oinarriarekin. Gaztaina aukeratu genuen lanerako. Gogoan dudanez, hemen, tailer honetan, atea itxita jardun nuen lanean, lotsa ematen zidalako pasarako jendeak pieza harekin lanean ikusteak. Zizelkatze lanetan berria nintzen, eta nire burua ez nuen eroso bilatzen. 

Oteizak parte hartu al zuen piezaren sortze prozesuan? Gustura geratu al zen zuk egindako lanarekin? 
Oteizak berak hartu zuen poz handiena erreplika bukatu eta paretean ikusi zuenean. Prozesuan zehar behin baino gehiagotan etorri zen hona, eta hemen ibiltzen zen atzera eta aurrera. Argazki batean ikus daitekeen modura, boligrafoarekin markak egiten zizkion egurrari han eta hemen, kolpeak ematen joan eta itxura ematen jarrai nezan. 

Lanak bukatu genituenean, 2002an, Zarautzen zuen etxera gonbidatu ninduen, eta berak egindako eskultura bat oparitu zidan. Besarkada bat eman zidan gero, "estoy muy contento con tu trabajo, eres un gran muchacho" esanez. Asko apreziatu zuen nik egindako ahalegina. 

Ba al duzu berari lotutako anekdota edo pasadizo bitxirik? 
Pietatearen erreplikan lanean ari nintzela, prozesuko tarteren batean, Oteiza gaixotu egin zen. Pentsatu nuen lana ez nuela bukatuko bera hil aurretik. Eguerdian telebistari begira jarrita nengoen batean, albistegietan artistei emandako sari batzuei buruz ari ziren hizketan. Agidanez, Juan Jose Ibarretxek, orduko lehendakariak, domina bana eman nahi zien Oteizari, Eduardo Txillidari eta besteren bati. Oteiza ondoezak jota zegoela-eta, ez zen Gasteizera joan, eta lehendakaria Zarautzeraino etorri zen saria ematera. 

Egun berean, telebista itzali eta gutxira, Oteizak telefonoz deitu zidan, arratsaldean nire tailerrean izango zela esateko. Harrituta geratu nintzen. Lehendakariarengana joateko gaixorik zegoen, baina Oriora etortzeko arazorik ez zuen izan! Agidanez, harentzako garrantzitsuagoa zen hemen tailerrean egiten ari ginena, Ibarretxeren eskutik domina bat jasotzea baino. Oso ondo portatu zen nirekin. 

Gai orokorragoetara salto eginez, nola ikusten duzu mundua?
Egia esatea nahi baduzu, lehen baino hobeto ez. 

Eta Orio? 
Lehengoaren aldean, euskara gutxi hitz egiten da herrian. Ume koskorrak ginela, kanpotik etortzen ziren erdaldun gehienek gure artean sartu eta euskara ikasten zuten, kalean, eskolan, jolasean. Eskolan galarazita zegoen euskara, eta udaletxean ere gaztelania zen nagusi, ez zen beste aukerarik. Zentzu horretan, aurrerapen handiak egin dira, baina euskarak ez du lehengo osasuna. Lehengo batean, herriko bi aguazil, euskaldunak biak, erdaraz hitz egiten ari ziren pasieran kalean. "Euskal Herrian euskaraz!" oihu egin banie, haserretu egingo ziren. Normaldu egin da kalean gaztelania entzutea. 

Alboan duzun bonboak ikurrinak eta Arrano Beltza dauzka margotuta. Etxean betidanik izan al zarete abertzaleak? 
Bai. Gure amona, Gregori Ibargoien Akaña, abertzale sutsua zen, eta harengandik datorkigu. Francoren garai latzenetan ere, Aberri Eguna ailegatzen zenean, eskumuturrean ikurrina bat lotu eta estali egiten zuen. Herrian buelta bat egiten zuen apropos, ezagunei adarra jotzeko; haiengana hurreratu eta ikurrina erakusten zien, estalkia kenduta. "Aizan, kontu ibili hai!", esaten zioten lagunek ikaratuta. Gure amonak barrez erantzuten zien, "hau dun gure eguna!".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!