Orioko Udalak Euskal Errepublika aldarrikatu zuen duela 91 urte, gaurko egunez

Aitziber Arzallus 2022ko api. 25a, 12:00

1931ko apirilaren 25ean Euskal Errepublika aldarrikatu zuen Orioko Udalak, mozio baten bitartez. "Euskal Herriaren historia hurbileko pasarte ezezagun hori gogorarazteko", Euskal Errepublikaren Eguna ospatuko du Naziogintza taldeak maiatzaren 7an, Azpeitian.

Naziogintza taldeak gogorarazi duenez, gaurko egunez, duela 91 urte, Euskal Errepublika aldarrikatu zuen Orioko Udalak, mozio baten bitartez. Espainiako Errepublika ezarri eta egun batzuk geroago egin zuen Orioko Udalak aldarrikapen hori, 1931ko apirilaren 25ean.

Oriokoa ez zen kasu isolatua izan, 1931ko apirilean Euskal Herriko beste udal askok ere Euskal Errepublika eskatu baitzuten Euskal Herriarentzat: Zumaiakoak, Zestoakoak, Azpeitikoak, Bergarakoak, Hernanikoak, Bermeokoak, Errenteriakoak eta Markinakoak, besteak beste.

Horren harira, "Euskal Herriaren historia hurbileko pasarte ezezagun hori gogorarazteko eta Euskal Errepublikaren beharra gaur egun ere aldarrikatzeko", ekitaldi irekia egingo du Naziogintza taldeak maiatzaren 7an, Azpeitian. 12:00etan, plazan hasiko dituzte ekintzak, eta ondoren, 12:30ean, Sanagustin kulturgunean jarraituko dute egitarauarekin. "Euskal herritar guztiak" gonbidatu dituzte ekitaldian parte hartzera. "Izan zirelako gara, garelako izango dira", adierazi du Naziogintza taldeak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!