Orioko Udalak behin betiko kaleratu du Uhaina Atxotegi kultur teknikaria

Aitziber Arzallus 2022ko api. 29a, 12:42

Iazko martxoan alkateak bi diziplina espediente zabaldu zizkion Atxotegiri, hiru arau hauste larri egitearen zantzuak hartuta. Orain, hiru arau hausteak frogatutzat jota, langileari despidoa ezartzea erabaki du, funtzio publikoko legediak baitio urtebetean hiru arau hauste larri egitea arau hauste oso larria dela, eta kaleratzea dela dagokion zigorra.       

Martxoko udalbatzarrean Mikel Izquierdo kirol teknikariaren behin betiko kargugabetzearen inguruko azalpenak eman zituen Anuska Esnal alkateak, eta atzo, apirileko udalbatzarrean, Uhaina Atxotegi kultur teknikariaren behin betiko kaleratzearen berri eman zuen.  Herritarrei gertatutakoaren zergatiak azaltzeko, urtebete jo zuen atzera Esnalek; hain zuzen ere, iazko martxoaren 1era.

Egun hartan, Esnalek alkate dekretuz diziplina espedientea ireki zion kultur teknikariari, bi arau hauste larri egitearen zantzuak hartuta: kontrol sistemari iruzur egitea eta eguneko lanorduen barruan, zuritu gabe, lanpostutik alde egitea, hain zuzen. Horrela, Jon Carrera eta Jabier Zabaleta kasuaren instruktore eta idazkari izendatu eta arau hauste horiek ikertzeko prozedura administratiboari hasiera eman zioten.

Zegozkien lanak eginda, eta zantzuak frogatutzat emanda, zigor proposamena helarazi zioten alkateari: lau urterako kargugabetzea, bi arau hauste larri egiteagatik. Instruktorearen ebazpena jasota, hori aurrera eramatea erabaki zuen Esnalek. Langileak aukera zeukan epaitegian ebazpenaren kontrako helegitea jartzeko eta beharrezko prozedura hasteko, baina erabaki zuen epaitegietara ez jotzea, eta horrenbestez, zigorra irmo bihurtu zen.

Kontua, ordea, ez zen hor bukatu, eta honela azaldu zuen alkateak atzo: "Kasu honen berezitasuna da martxoaren 1ean alkate dekretuz espedientea zabaldu zitzaiola jakinda, berriz ere egitate berdinagatik arau hauste larri bat egin izanaren zantzuak hartu nizkiola". Horregatik, martxoaren 24an bigarren espediente bat ireki zion alkateak. Berriz ere Jon Carrera eta Jabier Zabaleta izendatu zituzten kasuaren instruktore eta idazkari, eta prozedura administratiboak eskatzen duen ikerketa lanari ekin zioten.

Esnalek azaldu zuenez, "lanketa horrek oraindik emaitzarik eman ez zuela, Uhaina Atxotegi kultur teknikariak idatzi bat sartu zuen Orioko Udalean esanez egoera onartzen zuela, eta espediente honekin (bigarren espedienteaz) hartzen zen edozein erabakiren kontrako helegiterik ez zuela aurkeztuko. Horrela, beharrezko ikerketa eginda eta inplikatuak adierazpen hori eginda, instruktoreak arau hauste oso larritzat jo du bigarren espedientea". Hain zuzen ere, bigarren espedienteak jasotzen dituen egitateei lotuta, instruktoreak hogei egunez enplegu eta soldatarik gabe uzteko ebazpena egin duela esan zuen Esnalek, "baina ikusita urtebetean hiru arau hauste larri egin dituela, arau haustea oso larri bihurtzen da, eta ondorioz, bere postua galtzen du edo despidoa ezartzen zaio".

Alkateak zehaztu zuen hori zela azaldu nahi zuena, bi espediente daudela, eta lehenengoaren berri izan gabe, bigarrengoa ezin delako ulertu, eta ezta ondorioa ere. "Jakinda lehendabiziko espedientea ireki zitzaiola, berriz ere egotzitako arau hauste hori bera egiten du, bigarren espedientea irekitzen zaio. Urtebeteko epean hiru arau hauste larri egitea egitate oso larria dela dio funtzio publikoko legedia, eta ondorioz, kaleratua da".

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!