Orioko Udalak 47 lanpostu aterako ditu lehiaketa publikora aurten

IƱigo Gaiton 2022ko mai. 3a, 15:43

Udalak 81 langile ditu gaur egun, eta horietatik 18 dira finkoak. Behin behinekotasun tasa jaisteko helburuarekin, udal ordezkariek aho batez onartu dute enplegua egonkortzeko programa.

Apirileko ohiko bilkuran, udal ordezkariek aho batez eman zioten onarpena udaleko aldi baterako enplegua egonkortzeko giza baliabideak arrazionalizatzeko programari, helburu argi batekin: murriztu egin nahi dute udaleko langileen behin behinekotasun tasa.

Anuska Esnal alkateak azaldu zuenez, Orioko Udalak 81 langile ditu du gaur egun (Orioko Kanpina eta Danbolin Musika Eskola kontuan izanda), eta horietatik 18 dira finkoak; "hau da, udaleko langileen %78 behin behineko egoeran dago", zehaztu zuen alkateak.

Bere hitzetan, datu hori kezkagarria egin zitzaien Udal Gobernuan sartu zirenean, eta "ametsetako udala" nolakoa izan zitekeen pentsatzeari ekin zioten, langileen organigrama berrantolatu xedez. "Prozesu horretan lanean ari ginela, Estatutik lege berri bat ezarri zuten abenduaren 28an, eta horrek derrigortzen gaitu udaleko langileen behin behinekotasun tasa %8ra jaistera".

Hala, pertsonaleko batzordean hasi ziren gaia lantzen. Alkateak azpimarra egin zion batzordeak egindako lanari. "Eskerrak eman nahi dizkiet batzordeko kide guztiei eta langileei ordezkariei, eztabaida eta lan handia suposatu duelako hau haurrera ateratzeak".

Kudeaketa lan "izugarria"
Batzordearen lana amaituta, erabaki dute aurten udaleko 47 plaza egonkortze prozesura ateratzea; hau da, lehiaketa publikora, aldi baterako langileek beharrean langile finko edo karrerako funtzionarioek bete ditzaten. "Jende askori eragiten dio horrek, eta badakigu askorentzat karga emozional handiko gauza dela, pisu handiko gaia da", mintzatu zen Esnal. "Dena den, ikusi dugu badagoela jendea urteak daramatzana udalean lanean, eta haien egoera ezegonkorra dela oraindik ere, eta hori ezin du onartu administrazio publiko batek".

Zentzu berean, azaldu zuen udalarentzat "kudeaketa lan izugarria" izango dela datozen hilabeteetan 47 plaza horiek lehiaketa publikora ateratzea. Hain zuzen ere, ekainean aterako dituzte plazak OPEra, eta urtearen amaierarako egingo dira deialdiak. Prozesu guztiek amaituta egon beharko dute 2024ko abenduaren aurretik.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!