Irudietan: Presoei elkartasuna adierazi diete plazan, Sare Egunaren baitan antolatutako ekitaldian

Iñigo Gaiton 2022ko mai. 7a, 15:52

12:45 aldera ailegatu dira herrira beste herrietako martxak, eta tren geltokian bat egin eta gero, elkarrekin egin dute plazarainoko bidea. 13:30ean plazan egindako ekitaldian azaldu dutenez, "azken urte hauetan izandako lorpenak giro onean ospatzeko" xedearekin antolatu dute gaurko Sare Eguna.

Sare Egunaren baitan, egun osorako programa antolatua zegoen gaurko herrian, eta jende ugari ari da parte hartzen presoen aldeko ekimenetan. Goizeko lehen orduan, Oriora abiatu da herri desberdinetako jendea; zehazki, Aduna, Amasa-Villabona Andoain, Asteasu, Lasarte-Oria, Usurbil, Zizurkil eta Zarauzko lagunak mendi martxak eginez etorri dira herriraino. Hemen ere jarri zuten hitzordua mendi martxa egiteko 11:30ean, eta Itsaspeko buelta egin dute presoen alde hainbat herritarrek.

12:45 aldera tren geltokiaren ondoko biribilgunean elkartu dira herri desberdinetatik abiatutako mendizaleak, eta handik, presoen aldeko oihuekin egin dute plazarainoko bidea.

Plazan 13:30ean hasi dute ekitaldi politikoa, txalapartarekin. Ondoren, Aitor Arregi Ximel-ek manifestu bat irakurri du, umore pixka bat ere sartuz, eta azaldu duenez, "azken urteotan izandako lorpenak giro onean ospatzeko" elkartu dira gaur Orion. "40 urte luzez ezarritako urruntze politikarekin amaitzen hasiak gara, eta isolamendua eta lehen gradua iraganean geratu dira. Lorpen horiek urte horietan guztietan egindako lanaren eta kalean bildutako herritarren bultzadaren fruitu dira, zuen izerdiak utzitako ondarea", adierazi du.

Ekitaldiaren amaieran, Odolaren Mintzoa taldeko Luken Arkarazok Mendigoxaliarena abestiaren bertsio akustikoa egin du, plazan bildutako jendea abesten jarriz.

Ondoren, 14:30ean, bazkaritarako hitzordua zuten guztiek ikastolaren ondoko pergolan, eta arratsaldean, egitarauak jarraipena izango du: 17:30ean Distopia elektrotxarangak kaleak alaituko ditu, eta gauean, 23:00ak aldera, Txillardegi DJak dantzarako kantak jarriko ditu gaztetxean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!