Irudietan: Joandakoak gogoan, 'Mende bete arraunean eta bertsotan' omenezko ekitaldian

Iñigo Gaiton 2022ko mai. 8a, 16:30

Ekitaldi xume bezain hunkigarria egin zen atzo iluntzean Arraunetxen. Iaz 20 urte bete ziren kiroldegian Mende bete arraunean eta bertsotan ekitaldia egin zenetik, eta atzo, gogora ekarri zituzten ekitaldian parte hartu zuten eta urte hauetan hil diren herritarrak.

Arraunetxeko aretoa jendez bete zen atzo iluntzean, Mende bete bertsotan eta arraunean omenezko ekitaldiarekin. Atzera begira jarrita, han elkartutako lagunek gogora ekarri zuten 2001eko azaroaren 10ean izen berarekin egindako musika eta bertso saioa. Izan ere, jendetsua izan zen Karela Kiroldegian egindako emanaldi hura; herriko musikari eta bertsolari asko pasatu ziren oholtzatik, Oriok arraunean eta bertsotan duen tradizioa kantari eta musikarekin ospatzeko. Publikoaren aldetik ere, erantzuna aparta izan zen.

Iaz 20 urte bete ziren ekitaldi hura egin zenetik, eta urte hauetan guztietan hil egin dira emanaldian abestu zuten herritar batzuk. Joandako horiek omentzea izan zen atzo Arraunetxen elkartzeko motibo nagusia, eta emozioz blaitutako hitzordua izan zen. 2001eko ekitaldiaren bideoa ikusi zuten elkarrekin han elkartutako lagunek, eta gero, ez zen musika eta bertsorik falta izan. Amaieran, lunch ederrarekin, joandakoen bizitza eta 20 urte geroago berriro elkartu izana ospatu zuten, giro herrikoi eta atseginean.

Partaide hauek izan zituen atzoko ekitaldiak: Iñaki Iturain, Marije Gurrutxaga, Ibai Esoain, Xabier Sukia, Iñaki Gurrutxaga, Egoitz Eizagirre, Joserra San Sebastian, Anuska Esnal eta Salatxo Abesbatza.

2001eko emanaldian, berriz, hauek guztiek parte hartu zuten: Jose Mari Urkizu, Xabier Sukia, Juanito Urkizu, Ibai Esoain eta Julen Saizar, Iñaki Iturain, Oihana Alkorta, Sonia Fernandez eta Eneritz Erkizia, Jon Sarasua, Euxebio Lasarte, Amaia Gutierrez, Joserra San Sebastian, Xabier Zabala, Marije Gurrutxaga eta Salatxo Abesbatza.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!