Asteburu oparoa izan da Orioko arraunlarientzat

Aitziber Arzallus 2022ko mai. 10a, 09:00
Asteburuan Libourneko (Frantzia) Nazioarteko Estropadan parte hartu duten Orioko arraunlari gazteak. (Orio Arraunketa Elkartea)

Harrobiko arraunlariak Frantzian izan dira, aulki mugikorreko Libourneko Nazioarteko Estropada lehiatzen. Alebin, infantil eta kadete mailetan, denera, hamasei ontzi atera ditu Oriok, eta hiru garaipenekin itzuli dira etxera. Horrez gain, absolutu mailako gizonezkoek aulki mugikorreko Euskadiko Txapelketa eta Gipuzkoako Trainerila Ligako bi jardunaldi jokatu dituzte.

Iragan asteburuan ere mugitua izan da Orio Arraunketa Elkarteko kirolari eta boluntarioentzat, hitzordu ugari izan baitituzte han eta hemen. Harrobiko ia 90 arraunlari Frantzian izan dira, aulki mugikorreko Libourneko Nazioarteko Estropada lehiatzen. Alebin, infantil eta kadete mailetan, denera, Orioko hamasei ontzik parte hartu dute, eta baita hiru garaipen lortu ere, denak alebinen mailan: bata, mutilen bakarkako skiff kategorian; bestea, nesken lemazaindun binako laukoetan; eta hirugarrena, mutilen lemazaindun binako zortzikoetan.

Bakarkako garaipena erdietsi duena Joel Lizeaga izan da; lauko txapelduna Ariane Gaztañazpik, Aroa Iraetak, Malen Etxanizek, Itxaso Olaizolak eta Mikel Barranco lemazainak osatu dute; eta zortzikoa, Mikel eta Alex Barrancok, Iraia Peñak, Oier Urrestillak, Xabat Britek, Txomin Etxeberriak, Beñat Arrillagak, Ane Muruamendiarazek eta Jon Barranco lemazainak.

Absolutuen mailako gizonezkoek, berriz, hiru hitzordu izan dituzte asteburuan. Larunbat goizean, Orioko zortzikoak aulki mugikorreko Euskadiko Txapelketa jokatu zuen Legution (Araba), eta bigarren egin zuen, txapeldun izan zen Hondarribiarengandik segundo eta erdi eskasera bukatuta.

Beste bi hitzorduak Gipuzkoako Trainerila Ligakoak izan dira. Larunbat arratsaldean ligako hirugarren jardunaldia jokatu zuten Hondarribian, eta igande goizean laugarrena Zarautzen. Hondarribian bederatzigarren egin zuen Orio A taldeak, eta Zarautzen hirugarren. Ligako jardunaldiaz gain, Gipuzkoa Federazio Kopakoa ere jokatu zuten Zarautzen, eta Orioko bi taldek (B eta C) parte hartu zuten. Orio B izan zen azkarrena, eta Orio C-k laugarren amaitu zuen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!