Biharko 'Gurean' dokumentalaren emanaldia eta etzirako Pentsamendu Tailerra antolatu dituzte gaztetxean

Aitziber Arzallus 2022ko mai. 10a, 13:45

Herrietako jaietan egiten den animalien erabileraz hausnartuko dute bihar, eta etzi, berriz, filosofia ardatz duen tailerra gauzatuko dute, Aritz Pardinaren gidaritzapean.

Udaberria loratzen titulupean, Etxeluze Asanbladak dozenerdi bat jardueraz osatutako egitaraua aurkeztu zuen apirilaren hasieran, herritarrak pil-pilean diren hainbat gairen inguruan pentsaraztera bultzatzeko helburuarekin. Dagoeneko jardun dira Donbasseko gerraz, eskaladaz eta matxismoaz edota energia burujabetzaz, eta bihar eta etzi ziklo horren baitako beste bi saio egingo dituzte.

Bihar, 19:00etan hasita, jaietan egiten den animalien erabilera hizpide duen Gurean dokumentala emango dute gaztetxean. Askekintza animalien askapenerako Gipuzkoako kolektiboak duela urte batzuk egindako ikus-entzunezko lana da Gurean, eta Euskal Herriko 30 herritako jaietan bildutako irudiak jasotzen ditu. Tradizioak zalantzan jarri eta gaiari buruzko gogoeta sustatzeko helburuarekin egin zuten lana, eta gaur horretan saiatuko dira Orioko gaztetxean.

Etzirako, berriz, Pentsamendu Tailerra antolatu dute. Aritz Pardina oriotarrak gidatuko du 19:00etan hasita egingo duten saioa. Aurreko urteetan izandako arrakasta ikusita, aurten ere egitea erabaki dute, gaur egungo gaien inguruan pentsatu eta hausnartzeko aukera polita delako. Parte hartu nahi duenak, azaltzea besterik ez dauka.

Datozen asteetarako ere beste pare bat tailer iragarri dituzte, biak ala biak identitatearen eta generoaren bueltakoak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!