Mutiozabal ontziolako ateak zabalduko dituzte ostiralean

Aitziber Arzallus 2022ko mai. 11a, 18:02

Ontziola zaharberritzeko lanak bukatuta, barrutik nola gelditu den ikusteko aukera izango dute herritarrek, 17:00etatik aurrera. Gainera, egun horretarako, 5 eta 12 urte arteko haurrentzat tailerrak antolatu dituzte han bertan. Ate irekien saioa eta umeentzat tailerrak Balearen Egunaren bueltan antolatu ditu udalak, eta azken horiek, nola ez, balea izango dute ardatz. Parte hartu nahi dutenek Turismo Bulegoan eman beharko dute izena.

Ostiralean, aurrenekoz, Mutiozabal ontziola barrutik ikusteko aukera izango dute herritarrek. Zaharberritu dutenetik ez dute horretarako aukerarik izan, eta udalak erabaki du ate irekien saioa antolatzea Balearen Egunaren bezperarako. 17:00etan zabalduko dituzte ontziolako ateak, eta 19:00etan itxi.

Aurrerantzean Albaola Itsas Kultur Faktoriak kudeatuko du Mutiozabal ontziola, udalarekin sinatutako hitzarmen baten bidez. Hain zuzen ere, martxoan jakinarazi zuten hitzarmen hori sinatu zutela. Hori horrela, ostiraleko ate irekietako saioan ere Albaolako kideak arduratuko dira ontziolari buruzko informazioa eta proiektuaren xehetasunak herritarrei azaltzeaz.

Gainera, egun horretarako, 5 eta 12 urte bitarteko haurrentzako tailer edo dinamizazio saioak antolatu dituzte ontziolan bertan. Ordu erdiko lau saio egingo dituzte, 17:00etan hasi eta 19:00ak bitartean eta, nola ez, balearen ingurukoak izango dira tailerrak. Saio horietan parte hartu nahi dutenek, aurrez eman beharko dute izena Turismo Bulegoan: bertara joanda, 943-83 55 65 telefono zenbakira deituta.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!