Kanaria Handitik bi garaipenekin itzuli dira Orioko Bate Bizkorrak

Aitziber Arzallus 2022ko mai. 12a, 09:00
OBBren eta Capitolinosen arteko partida, joan den asteburuan, Kanaria Handian. (Orioko Bate Bizkorrak)

Oriotarrek Capitolinos taldea izan dute aurkari ohorezko mailako Espainiako Sofbol Ligako zortzigarren jardunaldian. Lehendabiziko partida 0 eta 8 irabazi dute OBBko neskek, eta bigarrena, 1 eta 9.

OBB Orioko Bate Bizkorrak Kanaria Handian izan dira asteburuan, ohorezko mailako Espainiako Sofbol Ligako zortzigarren jardunaldian. Capitolinos taldearen kontra neurtu dituzte indarrak, eta jokatutako bi partidak irabazita bueltatu dira etxera.

Hasiera-hasieratik nagusi izan ziren oriotarrak, eta lehendabiziko partidako bigarren sarreratik aurrera eurak izan ziren jokoaren erritmoa ezarri zutenak. Batea egoki astinduta, bosgarren sarrerarako hamar hit eta sei lasterketa eginda zituzten, eta 0 eta 8 irabazi zuten norgehiagoka.

Aipatzekoa Amaia Larraza jaurtitzaileak egindako lana, hamabi strike outs eta denboraldiko bere lehen No Hit No Run erdietsi baitzuen.

Bigarren partidari ere gogotsu ekin zioten oriotarrek, eta horren adierazgarri aurreneko sarreran egin zituzten lau lasterketak. Kanariarrak txukun aritu ziren arren, ezin izan zuten ezer adierazgarririk egin, eta bigarren partida ere OBBrentzat izan zen, 1 eta 9ko emaitzarekin.

Datorren asteburuan etxean jokatuko dute Orioko neskek: Miralbueno taldea hartuko dute Mendibeltzen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!