Ikastolako eta Zaraguetako ikasleek piztu dute festa

Aitziber Arzallus 2022ko mai. 13a, 12:32

Herrian bada gogoa biharko Balearen Egunerako, eta horren erakusgarri, Zaragueta Herri Eskolako eta Orioko Herri Ikastolako ikasleek plazan egin duten kantaldiak erakarri duen jendetza. Aurretik, talde txikiagoetan, herriko hainbat lekutan jardun dira kantuan, eta 11:30ean plazan elkartu dira denak, besteren artean, 1901ean harrapatutako baleari jarritako bertsoak kantatzeko. "Gora oriotarrak!" esanda, txalo artean bukatu dute saioa.

Balearen Egunaren bueltako egitarauaren barruan, gaur arratsaldean Mutiozabal ontziola barrutik ikusteko aukera izango dute herritarrek, eta 5 eta 12 urte bitarteko haurrentzat tailerrak antolatu dituzte han bertan. Iluntzean, berriz, Benito Lertxundik kontzertua emango du Karela kiroldegian; aspaldi agortu ziren kantaldirako sarrerak. Horiez gain, asteburu guztirako egitarau zabala antolatu dute udalak eta herriko eragileek elkarlanean. Hona hemen igandea bitarteko egitarau osoa:

Gaur

  • 17:00. Mutiozabal ontziolan atea irekien saioa eta haurrentzako tailerrak.*
  • 22:00. Kiroldegian, Benito Lertxundiren kontzertua. 

Bihar, Balearen Eguna

  • 10:00. Itsas ondareari buruzko bisita gidatua.*
  • 10:00. Kultur etxetik hasita, Pello eta Nikolasa erraldoien eta buruhandien kalejira herriko txistulariekin.
  • 10:45. Herriko Plazan eta herrian barrena, Harribil dantza taldearen dantza ikuskizuna eta kalejira.
  • 11:30. Bikamiotatik hasita herrian barrena, Salatxo abesbatzaren kantu-kalejira, trikitilarien laguntzarekin.
  • 12:00. Herriko Plazan, sardina-pintxoak.
  • 13:00. Moilan, balearen arrantza eta Salatxo abesbatzaren eta Harribil dantza talderen ongietorria.
  • 14:30. Herriko Plazan, herri bazkaria.
  • 17:30. Herriko Plazan, plaza dantzak Xoxote Bandarekin, Talai Mendi dantza eskolak antolatuta.
  • 20:00. Herrian barrena, Orkestra elektrotxaranga.
  • 22:30. Herriko Plazan, DJ Aros.

Igandea

  • 12:00. Herriko Plazan, Gora Kaletxiki Andoaingo musika bandaren kontzertua Martin Peronaren omenez, Danbolin musika eskolako bandaren laguntzarekin.

*Izen-ematea Orioko Turismo Bulegoan, 943-83 55 65 telefonoan edo orioturismo@gmail.com helbidean.

(Argazkiak: Joxe Mari Olasagasti, Iñaki Agirresarobe eta Aitziber Arzallus)

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!