Haur eta gaztetxoek udako kirol jardueretan izena emateko epea astelehenean zabalduko dute

Onintza Lete Arrieta 2022ko mai. 13a, 15:09

Hilabete eskas falta da ikasleek udako oporrak hartzeko, eta ohi bezala, kiroldegiak eta eragileek kirol eskaintzak prestatu dituzte udako goizetarako. Orioko Udalaren laguntzarekin, 11 kirol modalitate egongo dira aukeran, eta BPXportsek, Orio Bate Bizkorrek, Orioko Futbol Elkarteak, Orio Arraun Elkarteak eta Orio Itsastresana Surf Klubak kudeatuko dituzte ikastaroak. Izena emateko epea hilaren 31n amaituko da. Eraginek ere antolatu du ikastaroa ekain amaierarako.

Haurrek eta gaztetxoek udan kirol jarduerak egiteko ikastaroak prestatu dituzte Orioko hainbat eragilek udalaren laguntzarekin, eta astelehenetik aurrera izena emateko epea zabalduko dute. Hilaren 31n amaituko da udaleku irekietan izena emateko epea.

BPXportsek, Orio Bate Bizkorrek, Orioko Futbol Elkarteak, Orio Arraun Elkarteak eta Orio Itsastresana Surf Klubak kudeatuko dituzte 11 ikastaroak, eta guztiak hamabost egunetakoak izango dira. Prezioak eta xehetasun guztiak hemen daude ikusgai.

Izena emateko, esku orri hau bete behar da, eta ikastaroa antolatzen duen entitateari entregatu behar zaio. Antolatzailea kiroldegia baldin bada, bertara eraman beharko da orria. Bestela, helbide elektronikora mezua bidalita (zalantzak argitzeko ere bide horiek jarri dituzte). Tokia gorde dela konfirmatu ahal izateko, ezinbestekoa izango da dagokion diru sarrera egitea eta ziurtagiria antolatzaileari aurkeztea.

Eraginen ikastaroak

Bestalde, Eragin eskubaloi klubak ere martxan du bere eskaintza uda hasierarako. Ekainaren 23an, 24an, 27an eta 28an izango da bere saioak LH2 eta LH6 arteko ikasleentzat, 09:00etatik 13:00etara.

Tokia mugatua denez, lehentasuna klubeko jokalariek izango dute. Horiek izena emateko epea gaur bertan amaituko da, eta gainerakoek datorren astean egin beharko dute, astelehenetik ostiralera. 60 euro kostako da saioetan parte hartzea.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!